Trebiñun euskararen irakaskuntza sustatzeko berme eta neurriak eskatu dituzte familiek eta herritarrek

2026-04-13

Card image cap

Behatokiak eta Trebiñuko herritarrek euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea aldarrikatu dute, haur eskolan euskarazko irakaskuntza bermatzeko neurriak eskatuz. 

 

Gaur Argantzunen bildu gara, beste behin, Trebiñuko herritarrok euskaraz bizitzeko dugula aldarrikatzeko. Euskara ikasi eta euskaraz ikasi, euskaraz lan egin edo aisiaz euskaraz gozatzeko eskubidea nahi dugula, hain zuzen.

Euskara Trebiñuko “berezko hizkuntza” den arren, Gaztela eta Leongo administrazioek behin eta berriro gogorarazten digute gure lurraldean euskara ez dela ofiziala. Ez hori bakarrik, zapaltzen dugun lurraldean euskarari ez diote aitortzarik txikiena ere ematen, eta gure oraina eta etorkizuna gaztelaniaz marraztu nahi dituzte.

Gogoratu, 2021ean gure herrietan euskara planak martxan jartzea ere baliogabetu zutela epaitegietan. Zehazki, Gaztela eta Leongo Autonomia Estatutuan euskarak aitortzarik ez izateagatik, ezarri zen gure herrietan ezin dela euskararen normalizazioarekiko erabaki edo akordiorik sinatu.

Era berean, ikastetxe publikoan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik, eta, berriki, Trebiñuko haur eskolaren eskumenak Gaztela eta Leongo Hezkuntza Departamentura pasa dira. Printzipioz lerroa mantentzen den arren, ez dakigu etorkizunean nola eragin diezaiokeen guzti honek haur eskolako euskararen irakaskuntzari. Bestalde, egun inguruan euskarazko ereduan ikasteko dagoen ikastola bakarra ere, ezin izan da Trebiñun errotu horretarako baldintzarik ez zutelako ezartzen.

Bestalde, Gaztela eta Leongo administrazioetatik ez da euskararen irakaskuntza bultzatzeko edo euskarazko ekimenak sustatzeko inongo neurririk hartzen. Gaurkoan, gogorarazi nahi dugu Espainiako Gobernuak sinatua eta berretsia duela Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta, beraz, horrekiko hartutako konpromisoak Gaztela eta Leongo administrazioek ere bete beharko lituzketela.

Beraz, une honetan administrazio horren pean egon eta lurraldean euskara ofiziala izan ez arren, Europako Gutunaren printzipioei jarraiki Gaztela eta Leongo administrazioek euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko neurriak hartzeko betebeharra dute.

Izan ere, Gutunaren betetzearen 6. Ebaluazioan, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak berehalako gomendio hauek eman zizkion Espainiako Gobernuari:

Batetik, argitu zezala Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoan hizkuntzaren egoera eta bestetik, Gaztela Leongo Autonomi Erkidegoa eta Trebiñuko udalekin batera euskararen irakaskuntza sustatzeko plan bat landu zezala. Izan ere, Trebiñuko konterrian euskara ofiziala ez den arren, administrazioek gutxiagotutako hizkuntzak sustatzeko betebeharra dutelako (gutunaren ispirituari jarraiki).

Horiek horrela, Trebiñuk Gaztela Leongo administrazioaren menpe jarraitzen duen bitartean, ondorengoak eskatzen ditugu:

  • Hizkuntzen Europako Gutunean jasotakoei jarraiki, euskarari dagozkion konpromisoak hartzea.
  • Trebiñuko Konderrian euskara sustatzeko ekimenak bultzatzea eta finantzatzea.
  • Gaztela eta Leongo Hezkuntza Departamentuaren gestiopean geratu den Trebiñuko haur eskolan behar diren zerbitzu eta baliabide pertsonal zein material guztiak euskaraz behar bezala bermatzea.
  • Euskarazko irakaskuntza aurrera eramateko oztopoak ezabatzea, eta helduen euskalduntzea bultzatzen duten ekimen eta ikastaroak bultzatzea eta laguntzea.

Eskaera hauek, Espainiako Gobernuko Kultura Ministroari eta laster izendatuko diren Gaztela eta Leongo Kultura Politiketako zuzendariari eta Hezkuntzako kontseilariari helaraziko dizkiogu.