Urte eta erdi Gurutzetako ospitaleko neuropediatraren azterketaren zain
2017-10-24
Urte eta erdi neuropediatraren azterketaren zain. Horrela dago Behatokira jo duen herritar hau. Alaba ikasketa prozesuan laguntzeko jo dute Gurutzetako ospitalera, Haur psikologia sailera. Konponbidea aurkitzeko beharrezko bitartekoak jartzea eskatzen diogu Osakidetzari.
Horrela azaldu digu bere kasua aipatutako herritarrak:
"Alabak 8 urte ditu eta zailtasunak ditu ikasterakoan. WISC-IV testa egitea gomendatu digute emaitzak lagungarri izango zaizkigulako alaba bere ikasketa prozesuan laguntzeko. Alaba euskaraz baino nekezago moldatzen da gaztelaniaz eta emaitzak fidagarriak izan daitezen garrantzitsua da testa euskaraz egin ahal izatea. Bada, Gurutzetako ospitaleko neuropediatrak esan digu testa ez dagoela euskaraz".
"Duela urte t’erdi ondoko egoera bizi izan genuen: Gurutzetako ospitalean izan nintzen joan den ostiralean, zazpi urteko alabarekin, Haur Psikologia sailean. Alabak bere zailtasunaren balorazioa egiteko test batzuk bete behar zituen. Probak pasatzen ari zen psikologoa erdalduna zen.
Alaba gaztelaniaz nekezago moldatzen dela adierazi nion eta kezka azaldu baldintza horietan egindako frogen fidagarritasunaz. Arrazoi nuela esan zidan psikologoak, ulermenak eragina duela emaitzetan, baina psikologoa euskalduna izan balitz ere testak gaztelaniaz egin beharko zituela, euskaraz ez dituztelako. Hala, alabari laguntzearren itzultzaile lana egiteko baimena eman zidan. Euskaraz eta gaztelaniaz badakidan arren, ez naiz itzultzailea, eta ez nago erabat ziur nik egindako itzulpenaren baliozkotasunaz. Esaterako, ez nuen asmatu “entregar” aditza euskaraz adierazten. “Eman” hitza erabili nuen euskarazko ordain gisa, baina psikologoak esan zidan, gaztelaniaz “dar” eta “entregar” hitza ez direla gauza bera: “dar” maila arruntekoa dela, haur guztiek dakitela zer esan nahi duen, “entregar” hitza, berriz, maila jasoagokoa, eta hizkuntza-maila ere neurtzen zuela frogak. Horiek horrela, zer fidagarritasun izan dezake nire alabak baldintza horietan eginiko testaren emaitzak?
Zer sinesgarritasun emaitza horietan oinarritutako diagnostikoak? Testak euskaraz izateko eskubidea dugu. Bada garaia Osakidetzak erabiltzaile euskaldunoi kalitatezko zerbitzua bermatzeko behar diren bitartekoak jar ditzan.”
Gurutzetako ospitaletik ondoko erantzuna jaso nuen: “(…) Arazoaren muina zein den ikusita, Osakidetzako Euskara Zerbitzu korporatiboari kexaren berri eman genion, nondik norakoak azaldu eta irtenbide bat bilatzeko eskatu. Orain dela egun batzuk, baieztatu digute argitaletxearekin hitz egingo dutela, test horiek euskaraz sortzea ahalbidetzeko. (…)”
"Urte t'erdi igaro da eta egoera ez da aldatu. Alabak ezin izan du lagungarri suerta dakiokeen testa egin. Gainera, neuropediatrak aditzera eman didanez, ez du uste testa sortzen hasiak direnik ere".
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04