Urtarrileko aipagarrienak
2023-02-01
2023ko urtarrilean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan.
URRAKETAK
» Osakidetzaren gaixotasunak arakatzeko telefonotik ezin dezaketela euskaraz artatu adierazi diote harremanetarako hizkuntza gisa euskara hautatu duen herritarrari.
» Sare sozial zein webguneetatik gaztelaniazko mezuak soilik zabaltzen diren erakunde eta elkarteekiko kexak izan dira (Cinesa, Seur, Iruñeko Udaltzaingoa, Burger King, Leroy Merlin, Osasunbidean erreklamazioak egiteko webgunea…).
» Decathlon saltoki handiak gaztelania hutsean zabaltzen ditu Barakaldoko zentroko kartel, ohar eta megafoniako mezuak.
» Eroskiren online erosketekiko zalantzak argitzeko ez da euskara erabiltzeko aukera bermatzen.
» Sestao eta Barakaldoko ertzain etxeetan ez da euskarazko arretarik bermatu.
» Beran Foruzaingoaren kontrol batean euskaraz artatua izatea eskatzeagatik tratu desegokia salatu du herritar batek.
» Barakaldoko Megapark merkataritza-gunean gaztelania hutsean jartzen dituzte kartel eta mezu gehienak.
» Donostiko D-Bus zerbitzuan herritar bat iraindua izan da zerbitzua euskaraz eskatzeagatik.
» Zenbait erakunde publikotako segurtasun agenteek arreta gaztelania hutsean eskaintzen dutela salatu da (Metro Bilbao, IVAP…).
» Sestao-Barakaldoko ESIan haurdunaldirako prestaketa ikastaroak ezin dira euskaraz jaso.
» Hainbat lan deialditan euskararen ezagutza ez dela nahitaezkoa edo euskarak puntuatu ere ez duela egin (Nafarroa) salatu dute herritar ezberdinek.
ZORIONTZEAK
» Basauriko Calzados Juanitari, euskarazko arreta eskaini eta kartelak euskaraz jartzeagatik.
LORPENAK
» Gasteizen Lakuako gizarte etxeko “jarduera musikala egungo erritmoekin” kirol jarduerarekiko neurriak hartu dituzte eta euskaraz eskaintzen hasiko dira.
» Gure Pöke jatetxeetako webgunea euskaraz jarriko dute hurrengo hilabetean.
» Bizkaiko Foru Aldundiak N-240 errepideko seinaleak zuzendu eta euskaraz ere jarriko ditu.
» Gipuzkoako Atletismo Federazioak webgunea euskaraz ezartzeko eta entrenamenduetan euskararen presentzia areagotzeko konpromisoak hartu ditu.