Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu du 2021etik Eusko Jaurlaritzaren mende dauden EAEko espetxeetan hizkuntza eskubideak urratzen direla

2026-09-16

Card image cap

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu du Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan hizkuntza-eskubideak urratzen ari direla

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu du 2021etik Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan hizkuntza-eskubideak urratzen ari direla, hau da, espetxeen kudeaketa eskualdatu zenetik. Salaketak arrazoi zehatza du: irailaren 3an argitaratutako 379 lanpostuko deialdian, euskara merezimendu huts gisa baino ez da baloratzen, eta ez da nahitaezkoa inongo lanpostutan, are gutxiago presoekin harreman zuzena dutenetan. Horregatik, Behatokiak berehalako neurriak eskatu ditu, EAEko espetxeetan euskararen normalizazioa berma dadin.

Gogoratu behar da laguntzaileen kidegoko funtzionarioen zereginen artean daudela, besteak beste: EAEko espetxeen barruko zaintza- eta jagoletza-lanak egitea, behar diren lankidetza-lanak nahiz izapide-lan administratiboak garatzea, presoen jokabidea zaintzea, eta haien berreziketa- eta errehabilitazio-lanetan parte hartzea. Hori horrela, espetxeetan dauden pertsonekin harreman zuzena duten lanpostuak dira, eta horiek betetzen dituztenek ahoz zein idatziz euskara ulertzeko eta erabiltzeko gaitasuna izan beharko lukete.

Behatokiak gogorarazi nahi du 2021eko urritik, hau da, orain dela bost urte, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketaren gaineko eskumen esklusiboa. Transferentzia horrek Espainiako Estatuko 700 langile inguru integratzea ekarri zuen (funtzionarioen 622 plaza eta lan-kontratudun langileen 52 plaza), baita espetxeetako baliabide material zein ekonomikoen kudeaketa zuzena ere.

Transferentzia horren helburu eta ardatz estrategikoen artean, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bi gauza nabarmentzen zituen: batetik, giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzeko eredu propioa izatea; bestetik, birgizarteratzea ikuspegi pertsonalizatu eta errestauratibo batetik lantzea, askatasun-gabetzean daudenen giza eskubideei dagozkien nazioarteko estandar gorenak betez.

Hala ere, errealitateak oso bestelakoa izaten jarraitzen du. Espetxeetako lanpostu batzuei 2027ko abenduko derrigortasun data jarri zaien arren (transferentzia baino lehen zeuden langileak estatuan zuten izaera berarekin subrogatu baitziren), neurriak mantsoegi doaz eta erabat ez dira nahikoak, batez ere aipatutako moduko plazetan. Gainera, gogoratu behar dugu 2022an sinatutako akordio sindikalaren bidez ere ez zela euskararen ezagutza nahitaezkoa izan: zerbitzu-eginkizunen bitartez eta eginkizunak esleituz bete baitziren aldi baterako euskal espetxeen transferentzian sartutako lanpostuak, eta kasu horretan ere euskara merezimendu hutsa besterik ez zen izan. Hori guztiak azken urteotan ere espetxeetan dauden pertsonen hizkuntza-eskubideak urratzea eta euskara erabiltzeko zailtasunak eta baldintzapenak ekarri ditu. Horren adibide dira Behatokiak bideratutako ondorengo kasuak:

714-2026

……espetxetik …….. eraman ninduten. Atxiki zizkidaten gauzak eskatzeko idatzi bat egin nuen euskaraz, eta boligrafo gorriz "espainolez" idazteko eskatu zidaten. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeetan euskara erabili ahal izateko berme-neurriak eta tresnak ezartzea eskatu nahiko nioke dagokionari.

400-2023

Espetxeko ekonomatoko bulego nagusiko lau giltzarietako bat, iritsi berria dena, euskalduna da. Ez naiz inoiz joaten bulego horretara, baina joaten naizenean, berari zuzentzean euskaraz egiteko ohitura nuen. Horrela ari ginen lan-kontuez, harik eta beste lankide batek —hau ere giltzaria— modu autoritarioan gaztelaniaz egiteko agindu zidan arte. Begirunez eta adeitasunez men egin nuen, eta gaztelaniaz bukatu genituen egun horretako kontuak.

Hurrengo egunean bertaratu nintzenean, euskaldun giltzariak zuzenean gaztelaniaz eman zidan egun on. Erdaraz egiteko agindua eman ziguna bertan zegoenez, eta beste ezertan hasi aurretik, galdetu nion ea bazuen berari zuzendu eta erabili beharreko hizkuntza gaztelania dela dioen arau edo agindu idatzirik. Ez zidan horren erantzunik eman, baina oso jarrera oldarkorra erakutsi zidan.

Handik egun batzuetara, ekonomatoko buruak deitu ninduen. Zuri-zuri, baina argi azaldu zidan kartzelak gaztelaniaren alde egiten duen apustua. Zuzendariaren izenean eskatu zidan gertatutakoa ez hedatzeko, eta bulegoan gaztelaniaz egiteko agindu zidan, aitzakia merke bat erabiliz: euskaraz arituz gero eta zerbaitean oker eginez gero, besteek ez zirela horretaz ohartuko, eta horrek ezinezko egingo zuela gu zuzentzea. Geroztik erdaraz egin behar izan dut bulego horretan, eta giltzari iritsi berria herabe agertzen da euskaraz egiteko, baita bulegotik kanpo ere.

Behatokiak berehalako neurri irmoak eta beharrezko baliabideak eskatzen ditu, EAEko espetxeetan euskararen normalizazioa gauzatu dadin. Izan ere, euskararen edozein ezagutza-maila merezimendu gisa ezartzearekin soilik ez dira bermatzen espetxeetan dauden pertsonen edo hauek bisitatzera doazenen eskubideak.