Uztaileko aipagarrienak
2026-09-09
2026ko uztailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» Ipar Euskal Herriko herritar bati frantses hutsean bidali dizkio Ertzaintzak jakinarazpenak.
» Berriozarko Decathlon dendan kartel guztiak gaztelania hutsean daudela salatu da.
» Espainiako Estatuko Gizarte Segurantzaren Tolosako bulegoko telefonoan euskaraz aritu nahi zuela adierazi eta barre zein iseka egin dio herritar bati telefonoaren beste aldean zegoenak.
» Nafarroako Udal eta Kontzejuen aldizkarian euskararen presentzia urria salatu da.
» Bilboko aireportuko hizkuntza paisaiarekiko kexak izan dira.
» EHUren Arabako campuseko telefono-zenbakian gaztelaniaz egiteko eskatu diote herritar bati.
» Brico Depot-en dendetako ordainketa-makinak ezin dira euskaraz erabili.
» Gurutzetako ospitalean gela-zenbakia euskaraz galdetu dion herritar bati “yo en euskera...nada”, erantzun dio langileak.
» Urbasa-Andia parke naturaleko webgunea gaztelania hutsean dago.
» Donostiako Udalaren umeentzako euskarazko ikastaroetan izena
eman arren, begirale batzuk gaztelaniaz egiten
dutela salatu da.
» San Ferminetako haurren Takonerako gunean begiraleek ez zutela euskaraz egiten salatu da, bai eta jokoen elementu guztiak gaztelaniaz zeudela ere.
» Bilboko metroko arreta-zerbitzuan gaztelaniaz galdetzeko erantzun diote herritar bati.
» Gasteizko “Festival de las Naciones” jaialdian kartel guztiak gaztelaniaz izan zirela salatu da.
» Ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako audio-deskribapen sistemak eduki eta plataforma gehienetan ez daudela euskaraz salatu da.
» ETB1en Gurutze Gorriak entzierroko parte guztia gaztelaniaz eman zuen.
» Basabere udalekuetako webgunea, dosierra eta gurasoei bidaltzen dieten ziurtagiria gaztelania hutsean daude.
» Renfeko bezeroen arretarako telefonoan gestioak euskaraz egiteko aukera egon arren, praktikan ez dela bermatzen salatu da.
» Euskaltelen, Bilboko Indautxuko dendan, herritar bati erantzun diote txanda bakar batean ere ez dagoela euskaraz artatu ahal duen langilerik. Beste bati, berriz, “la próxima te agradecería que me hables en castellano”, erantzun diote telefonoz.
» Leroy Merlinen webgunea gaztelaniaz eta katalanez erabili daiteke; ez, ordea, euskaraz.
» Baskoniaren eta Alavesen dendetan euskarari bigarren mailako tokia ematen zaiola salatu da.
» Bizkaiko Erizainen Elkargoak erdara hutsean bidaltzen ditu mezuak, erizainek euskaraz jaso nahi dituztela berariaz adierazi arren.
ZORIONTZEAK
» Donibane Lohizuneko “Au Goter de la plage” jatetxea, euskaraz artatzeagatik.
» Bermeoko “Roberto taxia”, txartelak euskaraz banatzeagatik.
» Bilboko Magdalena Uriarte botika, euskaraz artatzeagatik.
» Gaubeako Angosto kanpina, harrera euskaraz egiteagatik.
LORPENAK
» Nafarroako Kontuen Ganberako webgunean irailetik aurrera eduki guztiak euskaraz jarriko dituztela agindu dute.
» Zarauzko Udalak semaforoetako mezu guztiak euskaraz jartzeko erabakia hartu du.
» Irungo Udalak alerta gorriei buruzko SMS-etan euskarazko mezuak ere txertatuko ditu.
» Erriberako kiroldegiaren kontzesioa duen enpresarekin harremanetan jarri da Donostia Kirola erakundea eta udalak onartutako hizkuntza-irizpideak betetzeko pausoak ematen hasi dira.
Albiste gehiago
Abuztuko aipagarrienak
2026-09-09
EAEko Ararteko berriarekin bildu gara
2026-07-15
Ekaineko aipagarrienak
2026-07-06