Maiatzeko aipagarriak
2024-05-31
2024ko maiatzan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK:
» Irungo udaltzaingoan arreta euskaraz eskaini ahal dion inor ez dagoela erantzun diote herritar bati.
» Azpeitiako eta Zumarragako Lanbideren bulegoetan sarrerako segurtasun kideek ez dute euskarazko arretarik eskaintzen.
» Euskal Erlaitzako Herritarren Elkarteak esku-orriak frantses hutsean zabaldu ditu Urruñako errepidean.
» Osakidetzan euskarazko osasun-arreta eskatu arren, euskararen ezagutzarik ez duten medikuak onartu behar izan dituzte herritarrek.
» Eusko Jaurlaritzak bidalitako ‘Itsasoko ur-azaleko kirol arrantzarako baimena’ gaztelania hutsean heldu zaio herritar bati.
» Nafarroako Ogasuneko telefonoetan ez da euskarazko arreta bermatu (euskaraz dakien inor ez zegoela erantzun diote herritarrari).
» Ibarrako anbulategiko ordezko pediatrak ez du osasun arreta euskaraz eskaintzen.
» Zumarragako SEPEren egoitzan euskarazko arreta eskatu arren, gaztelaniaz egin behar izan dute herritarrek.
» Enpresa batzuetatik etxeetara bidaltzen diren iragarki orriak gaztelania hutsean zabaltzen jarraitzen da.
» Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailetik hainbatetan gaztelania erabiltzeko eskatu diote herritarrari, euskaraz dakiena ez zegoela esanez.
» Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatzen duen eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babestu eta laguntzen duten Navarra LAN Party ekimenaren webgunea gaztelania hutsean ezarri dute.
» Donostiako DBUS zerbitzuan erabiltzaileak gaztelania erabiltzera behartuak izan dira beste behin, gidariak oinarrizko ulermen mailarik ere ez zuelako. Gidariak, gainera, «ahora sí, habérmelo pedido bien desde el principio» erantzun zion.
» Hainbat herritan aldi baterako bide-seinale edo oharrak gaztelaniaz ezarri dira.
» EAEn Lanbide Heziketako hainbat ikasketa A ereduan (gaztelaniaz) egiteko aukera baino ez dagoela salatu da.
» AENAren APPa ezin daiteke euskaraz erabili.
» Tolosako ertzain-etxean herritar batek ezin izan du salaketa euskaraz jarri agenteak euskaraz ez zekiela adierazi diolako.
» Osakidetzan euskaraz idatzitako kexaren erantzuna gaztelaniaz jaso du herritar batek.
» Iruñeko Hizkuntza Eskolako telefonoan ez dute euskarazko arreta eta informazioa bermatzen.
» Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusiaren txirrindularitza probaren YouTube bidezko emankizuna oso-osorik gaztelaniaz izan zen, aurreko urteetan ez bezala.
ZORIONTZEAK:
» Ollokiko (Esteribar) Low Cost gasolindegiko langileei, euskaraz artatzeagatik.
LORPENAK:
» ERA higiezin agentziak Lapurdin zabaldutako propagandan euskara ere txertatu du.
» Liberty Seguros aseguru-etxeak gaztelaniaz bidali zuen mezuarekiko zuzenketak egin ditu herritarrari mezuak euskaraz bidaltzeko.
» Erandioko Udaleko obretako seinalitikan euskara txertatu den arren, ez da euskara lehentasunez erabili araudiak ezartzen duen bezala.
» Bermeoko Teilape aholkularitzak euskarazko dokumentuak jarri ditu bezeroen esku.
» Durangoko Udalaren erosketak jasotzeko armairu digitalak euskaraz ere erabilgarri jarri dituzte.
» Nafarroako Bideko Ama Birjinaren ospitaleko irakurketa txokoan euskaraz ezarri dituzte kartelak.
» Bizkaiko Foru Aldundiaren Interbiak sozietate publikoak bidesariak ordaintzeagatik ematen dituen tiketetako informazio guztia euskaraz ezarri dute.
» Nafarroa Arenak neurri ezberdinak hartu ditu euskarazko eskaintza egiteaz gaindi, zerbitzu guztien berri webgune zein sare sozialetan euskaraz ere eskaintzeko eta ekintza guztietan herrien euskarazko izenak erabiliko ditu.
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05