Kontzientziazioa, neurriak eta baliabideak, udan hizkuntza eskubideak oporretara joan ez daitezen
2021-09-06
Bigarren urtez jarraian, Hizkuntza eskubideak ez daude oporretan kanpaina egin du udan zehar Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Ohiko espazioetatik harago, Euskal Herri luze eta zabalean udako oporraldien bueltan gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketak bistaratzea izan da egitasmoaren xedea, herritarrei urraketa horien adibideak emanez eta Behatokiaren bidez intzidentziak kudeatzeko zein bistaratzeko aukera eskainiz. Ildo horretan, 2020. urtean jasotako kexa kopuruak mantendu dira 2021 honetan, eta bi izan dira, nagusiki, intzidentzia horien jatorriak: aisia, bere baitan kulturaren eta kirolaren sektoreak nabarmenduz, eta ostalaritza.
Eskaintza urria aisian
Udako opor egunetan nabarmen hazten den aisialdiko sektoreari dagokionez, hainbat herritarrek salatu dute gida edo informazio gune batzuetan ez dela zerbitzua euskaraz eskaintzen; nola turismo bulego, museo, bisita gidatu edo gune fisikoetan, hala ibilbide eta txangoei buruzko sareko informazio guneetan ere. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariaren arabera, «deigarriak dira hainbat interes guneetako urraketak: euskara, bertako hizkuntza izan arren, ez da bisita egiteko hautatu litezkeen hizkuntzen artean kokatzen, edota are okerrago, ez sarean eta ezta fisikoki ere, ez da gune horren inguruko informaziorik euskaraz eskaintzen». Beste hainbat kasutan, halaber, «euskarazko gidek gainkostua izan ohi dute gaztelera, frantses edo ingelesezko hautuen aurrean», Gaubekaren arabera. Bereziki adierazgarriak dira, esaterako, gazteei zuzendutako aisialdi programa eta ekimenak: asko erdara hutsean eskaintzen dira, eta Behatokiko zuzendariaren esanetan, «euskaraz eskaintzen diren horietako hainbat ere erdarazkoak bihurtzen dira paperetik praktikara igarotzean».
Bide horretan, ohikoak bilakatu dira ekitaldi kultural zein kirol ekitaldietako ohar eta informazioak erdara hutsean aurkitzea. Zinema, antzerki eta antzeko kultur emanaldietan gaztelaniazko eta frantsesezko eskaintzak nagusitzen dira, bai eguneroko jardunean, eta baita uda garaian ere. Gaubekaren hitzetan, «kanpoko turismoari begira euskal marka saltzen da gure inguruko hainbat espazio kulturaletan, baina bildu ditugun urraketek argi erakusten dute euskarari leku txikia eskaintzen zaiola bertakoaren berezitasun horien baitan».
Kanpainen bidetik ostalaritzan
UEMAk sustatutako Bertatik Bertara egitasmoa kasu, euskararen presentzia eta hizkuntza eskubideak bermatzeko hainbat kanpaina jarri dira martxan sektore honetan, eta Behatokiko zuzendariaren ustez, «beharrezkoak» dira kontzientziazioa sortzeaz gain, euskararen presentzia handitzeko balio dezaketelako: «Hizkuntza paisaia uste baino garrantzitsuagoa da euskaraz komunikatzeko hautua egiteko, baita herritarra euskara erabiltzeko eroso sentitu daitekeela adierazteko ere». Hala ere, ostalaritzaren sektorean ere egoera makurra irudikatzen dute herritarrek jarritako kexek.
Izan ere, iragarki, webgune eta sare sozialetan gaztelania, frantsesa zein ingelesa erabiltzen dituzte negozio gehienek beren buruak ezagutarazteko, eta establezimendu askotako kartak ere bertako hizkuntzan adierazi gabe eskaintzen zaizkie herritarrei. Gaubekaren arabera, «azken bi urteetan barne turismoa asko hazi den arren, zerbitzu asko kanpoko bezeroei begira jarri dira turismoari eman zaion bultzadaren ondoren, eta horrek bertako herritarren hizkuntza eskubideak ez errespetatzea dakar albo-kalte gisa». Horrez gain, zerbitzarien kontratazioetan euskara hizkuntza eskakizun gisa ez ezartzeak ere baditu bere ondorioak; hainbat herritarrek adierazi bezala, zerbitzari asko ez dira gai euskaraz ulertzeko, eta, ondorioz, bezeroak euskaraz artatzeko.
Ikasturteko erronkak
Beraz, Behatokiak bultzatutako Hizkuntza eskubideak ez daude oporretan kanpainak agerian utzi du, beste behin, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatze aldera urratsak eman behar direla. Agurne Gaubeka erakundearen zuzendariak esan bezala, «bildu dugun lagin honek erakusten baitigu bide luzea dugula oraindik egiteko, eta ezinbestekoak direla, unean uneko kontzientziazio kanpainez gain, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eta laguntzak». Bide horretan, eragile ezberdinekin harremanak sendotzea, hizkuntza eskubideen bermerako kontzientziazio lanak zabaltzen joatea, egungo araudi eta prozedurek dituzten mugak gainditzeko proposamenak egitea eta euskaraz bizitzeko dauden arazo, muga eta oztopoak gizarteko sektore gazteenekin lantzea izango dira, besteak beste, Behatokiak ikasturte berriran izango dituen erronkak.