EAEko Ararteko berriarekin bildu gara

2026-07-15

Card image cap

EAEko Arartekoa eta Behatokiko ordezkariak. 

Gaur, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariak Mikel Mancisidor EAEko Ararteko berriarekin eta Jose Luis Iparragirre idazkari nagusiarekin bildu gara, azken urtean eremu publikoan izan diren hizkuntza eskubideen urraketak eta diagnosia aztertu eta horien aurrean bi erakundeen elkarlanak duen garrantzia azpimarratzeko.

Bi erakundeak bat etorri gara eremu publikoan osasungintzan edo segurtasunaren alorrean izandako hizkuntza eskubideen zapalkuntza kasuak nabarmentzerakoan. Izan ere, osasun alorrean herritarrek hizkuntza hautatzeko aukera duten arren, azken urteetako berme faltak herritarren kexak eragin ditu, osasungintza sisteman berme nabarmenagoak falta direla identifikatuaz.

Segurtasunaren inguruko salaketei dagokienean, bi erakundeak bat etorri gara azken urteetan jasotako salaketek herritarrek euskara erabiltzerakoan duten zaurgarritasuna mahaigaineratzen dutela, eta erakunde publikoen ardura nabarmendu dugu. Halaber, hezkuntzan Lanbide Heziketan edo aisialdiaren alorren euskarazko eskaintza urriagoarekiko kexak aztertu eta aldaketak eragiteko beharraz hitz egin dugu.

Azkenik bi erakundeek elkarlanerako konpromisoa berretsi dugu herritarren eskubideen defentsan, eta hizkuntza eskubideak defendatu eta bermatzeko mekanismoak lantzen jarraituko dugu.