A63 eta A64 autopistetako panel batzuek euskaraz hitz egingo dute, beste batzuek ez.
2017-01-12
Frantziako estatuaren erreglamenduak ez du frantsesa ez den beste hizkuntzarik baimentzen. Autopistak kudeatzen dituen enpresak euskarari presentzia eskaintzeko disposizioa azaldu du.
“A64 autopistan ele bietan ziren bide seinale batzuk frantses ele bakarrekoekin ordezkatzen ari dira” zioen duela pare bat hilabete Behatokira iritsi zen kexak.
Autopistak kudeatzen dituen VINCI Autoroutes enpresarekin bilkura eskatu zuen Behatokiak eta enpresak disposizioa azaldu du autopistan euskararen presentziari buruzko eztabaidari aurrez aurre ekiteko.
VINCIko ordezkariek jakinarazi dutenez, auzi honetan “Frantziako estatuarena da erantzukizuna” “eta autopistak arautzen dituen erreglamenduak ez du frantsesa ez den beste hizkuntzarik baimentzen”.
Halere, Euskal Herrian dagoen zatiari dagokionez irtenbide baten bila aritu da VINCI enpresa: “Euskal Herrian dagoen zatian autopista irteeretarako panelak euskaraz jartzeko erabakia hartuta dago eta, lanak bukatutakoan, berriz ezarriak izango dira. Lehen panela urtarriletik aurrera ikusi ahal izango dugu” berretsi dute VINCIko ordezkariek.
Horrela, A63 eta A64 autopisten erdian ezarriak dauden panelak frantses hutsean egongo dira eta irteeretako seinaleak euskaraz jarriko ditu autopistak kudeatzen dituen VINCI enpresak.
Behatokiak positibotzat jo du VINCIren jarrera eta elkarlanerako disposizioa. Baina nabarmendu du autopistako bide-seinale guztietan presente egon behar duela euskarak eta Frantziako estatuari ohartarazi dio “bestelako hizkuntza-irizpidea eta euskararen aitortza ofiziala ezinbestekoa dela hizkuntza-eskubideak bermatu daitezen, baita errepideetan ere”.
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05