Behatokia UEMAko gazteen topaketan izan da
2021-07-15
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) antolatutako gazteentzako topaketetan parte hartu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.
Itziarren izan zuten gazteek Behatokiak eskainitako tailerrean parte hartzeko aukera. Izan ere, topaketa hauen helburu nagusia gaztetxoenak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea izanik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak gazte hauekin euskara erabili ahal izateko dituzten espazioez hausnartu nahi izan zuen, eta, era berean, euskara erabili nahi dutenean aurkitzen dituzten zailtasunak identifikatu eta salatzeko aukerak azaldu zizkien.
Tailerrean bestelako gutxitutako hizkuntza batzuekiko kontzientzia landu zen, euskararen lurraldeetako egoera ezberdinak azaldu ziren eta kasu praktikoen bidez hizkuntza eskubideen urraketak identifikatzen saiatu ginen. Bestalde, Behatokian eskura dituzten tresnak azaldu zitzaizkien eta udan, ekainaren 28tik abuztuaren 31ra, hizkuntza eskubideekiko izan dituzten bizipen eta oztopoak Behatokira helarazteko gonbita jasoko zuten, “euskararen motxila” udan ere jantzita eramateko eskatuz. Udan zehar Behatokira intzidentziak helarazten dituzten gaztetxoen artean “euskaraz bizi nahi dut” material sorta zozkatuko dugu.
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04