Bilboko Udaleko arkitekto-teknikariaren deialdian euskararen balorazioa txertatzea lortu du Behatokiak

2021(e)ko Abenduak 02

Card image cap

Urriaren 29an Hizkuntz Eskubideen Behatokitik, Bilboko Udaleko Proiektu Estrategikoetako Bulegoan, arkitekturako goi mailako teknikari lanpostu bat aldi baterako betetzeko hautaketa-prozesuko oinarrien kontrako idatzi bat aurkeztu genuen.

Izan ere, deialdi horretan ez zen euskararen ezagutzari buruzko inongo erreferentziarik egiten (ez betekizun gisa ezta merezimendu gisa). Beraz, Bilboko Udalari neurri eraginkor egokiak har zitzatela eskatu genion, administrazio horretatik sortzen ziren lanpostuak betetzeko prozesu guztietan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira.

Deialdi horrek, zerbitzuak jaso behar dituzten herritarren hizkuntza eskubideak kontuan ez hartzeaz gaindi, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 legearen 6 eta 14.3 artikuluak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 legearen 97.2 eta 98.4 artikuluak urratzen zituen.

Azaroaren 24an, administrazio-bidean Behatokiaren eskaera onartu zen eta Bilboko Udalak deialdi berria egin beharko du euskararen balorazioa txertatuaz, eta deialdi berri hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da eskabideak aurkezteko epe berri bat emanez.

Kasu honek, argi uzten digu administrazio publikoetatik eskaintzen diren zerbitzuetan, oraindik orain herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari ez zaiola beharrezko garrantzia ematen eta udalek ardura berezia dutela eskubide horiek bermatzeko jarraipena egin, zein euskararen erabilera erosoa bermatu edo erabilera sustatzeko neurriak ezartzerakoan.