2026ko Ibilbidearen Elkar Saria jaso du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak
2026-05-06
Agurne Gaubeka zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikariak jaso dute saria, Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ekitaldian. Jarraian, sari banaketan irakurritako adierazpena.
Ia 27.000 intzidentzia kudeatu ditu Behatokiak bere 25 urtetako ibilbidean, Euskararen herriaren historia luzean mende laurden bat baino ez hala ere. Baina mende laurden horretan, dokumentatuta utzi ditu euskaraz bizitzeko ahaleginean herritarrek aurkitu dituzten ezintasunak, oztopoak, jasan dituzten zapalkuntzak, nahigabeak, amorruak… baina baita herri honen ekimenez abiatutako borrokak, aldaketak eta eragiteko ahalmena badugula erakutsi diguten kasuak.
Behatokia hizkuntza eskubideak defendatu eta herritarrei babesa eskaintzeko sortu zen, baina urte hauetan Behatokia herri bilakatu da: euskaraz ikasi nahi zutenak eta beraien irakasle edo gurasoak izan dira Behatokia; euskararen existentzia ukatzen zaion migrantea izan da; osasun eta zaintza zerbitzuak euskaraz behar zituena , duintasunez euskaraz hiltzeko eskubidea ukatu zaiola salatzen zuena, informazioa euskaraz behar zuena, larrialdi egoeretan euskara erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen zuena, aisialdian eta pantailetan euskarazko edukiak eskatzen zituena, segurtasun zerbitzuetan erdara erabiltzeko eskatu arren bere hizkuntzari uko egin ez ziona, epaitegietan erdara erabiltzera behartua izan zena, erosketak euskaraz egin edo etiketen informazioa euskaraz eskuratzeko eskaria egin zuena, euskaraz lan egiteko eskubidea defendatu zuena, euskaraz sortzeko baliabideak eskatzen zituena, seinaleak eta kartelak euskaraz behar dutela aldarrikatu zuena, kazetaritza euskaraz aurrera eramateko hautua defendatu zuena… Mila aldiz “En français” edo “en castellano” erantzuna jaso dutenak gara eta beste mila aldiz EUSKARAZ BIZITZEA GIZA ESKUBIDEA DELA ALDARRIKATUKO DUGU.
Behatokiak bere beharrik izango ez duen komunitatea amesten du, hori bultzatzeko ardura duten guztiak interpelatu nahiko genituzke gaurkoan, ardura kolektiboa eta erantzukizun soziala ardatz, erakunde, enpresa, eragile zein bestelakoei hizkuntza politika eraldatzailea eta bermatzailea bultzatu eta babesteko eskatzen diegu. Bestalde, gure deia herritarrei: jarraitu dezagun geure buruak ahaldundu eta antolatzen, jarraitu Euskararen Telefonoa erabiltzen eta gogoratu ekainaren 13an euskaraz bizitzea aldarrikatzeko Euskaltzaleon Martxa izango dugula Iruñean.
Oraindik orain gure arbasoek pairatutako zapalkuntzen arrastoa gara baina baita etorkizuna euskaraz marrazten dugun komunitatea ere, hizkuntza eskubideak norbanakoenak eta kolektiboak baitira eta beraz, sari hau, EUSKARAREN KOMUNITATEARI DAGOKIO. Elkar zaintzen eta babesten duen komunitateari, mundu eta jendarte hobe eta justuago baten eraikuntzan giza eskubideak euskaraz babesten eta aldarrikatzen dituenari, gure kultura eta izana munduari eskaintzen dizkion komunitateari. Eskerrik asko bihotzez.


