Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina
2022-05-12
Behatokiak kanpaina bat abiatu du herritarrek zerbitzu publikoak euskaraz eta inolako atzerapenik gabe jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzeko, zerga aitorpena egitea barne.
Errenta kanpaina irekita dagoela probestuz, hizkuntza eskubideen urraketa adibideak jaso eta #ErrentaEuskaraz traolaren bidez zabalduko ditugu sare sozialetan. Salatu itzazu zuk ere Euskararen Telefonoaren bidez!
Hona herritarrok administrazioaren aurreran egunero jasan behar ditugun urraketen adibide batzuk:
- Telefonoz deitu duzu Ogasun Sailera eta momentu horretan euskaraz dakien langilerik ez dagoela esan dizute. Erantzungailuko mezua ere gaztelaniaz dute.
- Zerga agiria frantsesez bete behar duzu derrigorrez.
- Hitzordua hartu duzu eta mezua erdaraz bidali dizute.
- Telefono bidezko arreta euskaraz jasotzea hautatu duzu baina beti okupatuak daude gaztelaniazkoan segituan artatzen zaituzten bitartean.
- Errenta aitorpena presentzialki egiterakoan, euskarazko leihatila bakarra dago eta denbora gehiago zain egon behar zara, gaztelaniaz egitea hautatu dutenak zure aurretik artatzen dituzten bitartean.
- Ogasuneko gutunak edo sms-ak, emailak… erdara hutsean jaso dituzu edo euskara ulergaitza da.
- Ogasunean eskaini dizkizuten inprimakiak edo bestelako dokumentazioa erdara hutsean daude.
- Ogasuneko zerbitzu telematikoetara jotzean, ez dago euskarazko informazio kopuru berdina edo tramiteak erdarazegin behar izan dituzu. Euskarazko prozesuak akatsak ematen ditu.
- Ogasuneko bulego edo eraikinetako ohar eta karteldegia erdara hutsean aurkitu dituzu.
- Errenta aitorpena egiteko azalpen bideo zein bestelako euskarri guztiak erdaraz daude.