Administrazio ezberdinen jarrera beraien betebeharrekiko kontrakoa izaten jarraitzen du
2023-10-02
2023ko martxoan Erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Ituna (Euroituna) indarrean sartu zela 25 urte bete ziren.
Itunak Europako hizkuntza gutxituak babestea eta sustatzea du helburu, eta ituna berretsi zuten Europako Kontseiluko 25 estatuek –Espainiako Estatuak 2001ean berretsi zuen– hizkuntza hauen erabilera aktiboki sustatzeko betebeharrak dituzte hezkuntza, justizian, administrazioak, komunikabideetan, kulturan eta eremu sozioekonomikoan besteak beste. Ituneko 15. artikuluarekin bat etorriaz, Estatu sinatzaileek Itunaren gomendioen aplikazioari buruzko aldizkako ebaluazioak egin behar dituzte Europako Kontseiluarentzat. Abuztuan, Espainiako Gobernuak 2017-2021 epealdian emandako pauso edo hartutako neurriak azaltzeko txostena helarazi zuen.
Seigarrena den ebaluazio honetan Europako Kontseiluko adituek balorazioa egin beharko dute, Gobernuak bidalitako txostena eta hizkuntza bakoitzeko gizarte eragileek egindako irakurketa eta gomendioak aintzat hartuz. Hartara, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, Nafarroako eta EAEko egoeraren gaineko irakurketa-txosten propioa egin dute eta aste honetan helaraziko diote Europako Adituen Batzordeari, bai Espainiako Gobernuak aipatzen dituenekiko irakurketa eginez zein gomendioak azalduaz.
Legeriaren aldaketak, bete gabeko konpromisoak eta tresna falta
Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek azaldu du: «Europatik Espainiako Estatuari 5. ebaluazioaren ostean ezarri zitzaizkion berehalako neurriak martxan jarri behar zituen arren, ez betetzeetan katramilatuta jarraitzen du. Izan ere, kontuan izan behar da Europako adituen Batzordetik zein Europako Ministroen Batzordeak emandako berehalako gomendio batzuk Espainiako Estatuaren legedian aldaketak egitea suposatu beharko lukeela».
Egin beharreko aldaketen artean garrantzitsuena justiziaren eremukoa dela gogorarazi du Eskisabelek. «Espainiar Estatuaren jarrera bere betebeharrekiko kontrakoa izaten jarraitzen du. Europatik hainbatetan ohartarazi duten bezala, Botere Judizialaren lege organikoak talka egiten du gutunaren 9. artikuluan ezarritakoarekin, hau da, bermatu behar dela aldetako batek hala eskatuaz gero, prozedimendu penal eta zibilak gure kasuan euskaraz egin ahal izango direla, baina ez da inondik inora bermatzen prozedimendu hauek berme guztiekin eta berdintasun egoeran euskaraz egin ahal izatea».
«Halaber, Behatokiak eta Kontseiluak Adituen Batzordeari ohartaraziko diogu, beste behin, Espainiako araudian ezarritakoak herritarrek tokiko hizkuntza erabiltzeko duten eskubidean eragina duela. Eta, bestalde, epaile eta magistratuek euskara ez ezagutzeak herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duela ere adieraziko diegu».
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak zehaztu du, justiziaz gaindi, Espainiak garatutako txostenean hezkuntza, administrazio publikoa, komunikabideak edo ekonomia eta gizartearen alorrean azken urte hauetan egindakoak aipatzen direla.
«Lehenik eta behin, arreta deitzen digu Euroitunaren aplikazioa aztertzerakoan Espainiako Estatuak ez duela kontuan izaten zenbat ez betetze eman ziren aurreko urteetan eta ez da argi adierazten horiekiko aurrerapausorik eman den edo ez. Gainera, ez dute aurrerapauso nabarmenik planteatu, eta aurrera begirako neurriak partzialak eta oso azalekoak izan dira» esan du Gaubekak.
Halaber, txostenean aipatzen diren zenbait puntuk talka egiten dute Behatokiaren urteko txostenetan jasotako hainbat egoerekin. Izan ere, «Euskararen Telefonoa izeneko zerbitzuaren bidez herritarrek helarazten dizkiguten kasuek argi uzten dute hainbat alorretan Espainiako Estatuan dauden administrazio ezberdinek ez dituztela betetzen Itunak ezarritakoak» azaldu du Behatokiko zuzendariak.
Estatuko administrazioari dagokionean, hizkuntza politikak neurtzeko lanak martxan jarri direla aipatzen da, baina errealitatean ia ez dago Nafarroan zein EAEn herritarrei zerbitzuak eskaintzeko gai den lanposturik. Espainiako Gobernuak berak adierazitako datuen arabera, Estatuko administrazioak EAEn dituen delegazioetan euskararen nolabaiteko ezagutza %11 ingurukoa da eta Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan %1 ingurukoa. Beraz, herritarrei zerbitzuak euskaraz bermatu ahal izateko ezintasun nabarmenak daude.
Administrazio elektronikoari dagokionez, Espainiak aurkeztutako txostenean aipatzen da Estatuko administrazioetako dokumentu, txantiloi, seinalitika, iragarki zein bestelako euskarrien %100a elebitan daudela. Baina Behatokiko zuzendariak aipatu duenez, «urte guzti hauetan ehundaka izan dira herritarrek helarazi dizkiguten gaztelania hutsa erabiltzen duten euskarriak eta hainbat eginbide telematiko edo webguneetako informazioa oraindik orain euskaraz behar bezala gaitu gabe daude».
Nafarroako administrazio publikoari dagokionean, txostenean bertan deskribatzen da irakasleen lanpostuez gaindi %3 soilik direla Nafarroako Gobernuko lanpostu elebidunak, eta departamentu batzuetan ez dagoela lanpostu elebidunik, hau euskara ofiziala den eremuan ere Itunak ezarritakoak bete ahal izateko oztopo nabarmena izanik. Beste adibide bat, oraindik prozedura elektronikoen %17a soilik egin daitezkeela euskaraz eta Behatokian jasotakoen arabera, askotan ezin da prozedura osoa euskaraz ongi bideratu.
«Azkenik, Itunaren III. atalari dagozkion konpromisoen ez betetzea ere salatu nahi dugu Nafarroan legez euskara ofiziala ez den eremuetan. Eremu hauetan euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa egon arren, besteak beste, hezkuntzan D ereduen irekiera berriak oztopatzen dira, eta unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea bermatu gabe jarraitzen da» zehaztu du Agurne Gaubekak. Nafarroako Foru Erkidegoan euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzearen beharra ere azpimarratu du.
«EAEri dagokionean», azaldu du, «Behatokiak azken urteetan jaso dituen urraketek txostenean aipatzen dituztenekin talka egiten dute. Izan ere, adibidez urtero osasungintza edo segurtasunaren alorretan arreta euskaraz jasotzeko hutsune nabarmenak azaleratzen dira, eta herritarrek harremana euskaraz nahi duela adierazi arren, hainbatetan ez zaie bermatzen. Hezkuntzan ere, Lanbide Heziketan zein unibertsitateetan euskarak duen bigarren mailako izaera azaleratu dugu».
Txostenaren eremu sozioekonomikoan, komunikabideetan edo kulturaren alorrean, euskara sustatzeko konpromisoekiko neurri eraginkor eza kritikatu dute Kontseiluak eta Behatokiak. Izan ere, eremu horietan euskaraz aritu edo kontsumitzeko eskubidea bermatzeko araudi eta neurri falta nabarmenak izan dira azken urteetan, eta eman izan diren gutxiak betearazteko tresnak falta dira, salatu dutenez.
Sistema judiziala, kontrako norantzan
Europara helaraziko dugun txostenean, Estatuko sistema judizialaren aldetik euskararen lurralde guztian itunaren konpromisoak sustatzeko hainbat neurri atzera bota dituztela salatu eta honen inguruko ohartarazpena egin dezaten eskatuko dute Kontseiluak eta Behatokiak, erabaki judizial horiek gutunaren 7.2 artikuluan ezarritako printzipio garrantzitsu baten kontrakoak direla gogoraraziz. Izan ere, Itunak berak argi adierazten du «hizkuntza gutxituetako hiztunen eta gainerako biztanleen arteko berdintasuna sustatzeko asmoz, euskararen alde hartzen diren neurriak ez direla gaztelaniazko hiztunen kontrako diskriminazio neurritzat hartuko».
«Printzipio hori aldarrikatuaz, Euskal Herri osoko herritarrei dei egiten diegu azaroaren 4an euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari erantzun sendoa ematera Bilboko kaleetan, arratsaldeko 17:00etan Euskaldunatik abiatuko den manifestazioan» berretsi dute Idurre Eskisabelek eta Agurne Gaubekak.
-
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05