Galdakaoko Udalak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2034ra arteko lankidetza hitzarmen egonkorra sinatu dute.
2024-05-24
Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko Galdakaoko Udala lantzen ari den marko estrategikoaren barruan, elkarlanerako hitzarmena sinatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin.
Udalaren plan estrategikoak bezala, hamar urteko iraupena izango du hitzarmenak, eta beraz, 2034. urtera arteko lankidetza da sinatutakoa. Hiru erronka nagusi ditu:
- Euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eraman.
- Berariazko nahiz zeharkako hizkuntza politika garatu, gainerako hizkuntzekin zein kulturekin bizikidetzan.
- Euskararen aldeko jarrera areagotu eta hiztunen ahalduntzean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan eragin.
Atzo arratsaldean sinatu zuten hitzarmena Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkateak eta Agurne Gaubeka Erauskin Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Akordioa sinatzerakoan, Galdakaoko Udalak euskararekin duen konpromisoa berretsi zuen Iñigo Hernando alkateak, eta Izaskun Barbarias Euskara zinegotziak orain arteko ibilbidearen argazkia utzi zuen. EMUN aholkularitza enpresako Iraitz Otañok hartu zuen hitza ondoren, Galdakaoko plan estrategikoaren diseinuari buruzko eta egiteke daudenen inguruko zehaztasun gehiago emateko. Agurne Gaubekak, hizkuntza eskubideak izan zituen aztergai hitzaldi nagusian.