Gasteizko haurren aisialdia euskaraz izatea eskatu diete erakunde publikoei
2023-06-13
«Instituzioek gidaturiko aisialdi ekintzak euskaraz behar ditugu»
Azken urteetan, sekulako ahaleginak eta lanak egin dira gure hiria euskalduntzeko. Euskararen ezagutzak Araban izan du hazkunderik handiena eta erabilera datuetan ere bere eragina izan du horrek; Gasteiz da Euskal Herri mailan euskara gehien entzuten den bigarren hiriburua, Donostiaren atzetik. (2021eko kale erabileraren datuen arabera).
Bakoitzak bere eremutik egiten duen ahalegina handia da, sekulako lana egiten ari gara Guraso Elkarteetatik, ahalegin “humano” handia eta baliabide urriak, askotan. Baina egiten duguna nahikoa ez dela jakinik, instituzioek duten ardura azaleratu nahi da prentsaurrekoaren bitartez.
Gure seme alaben eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna izan dadin ardurak azken muturreraino eraman ditzaten eskatu nahi genuke, are gehiago ekintza horiek ordainpekoak direnean. Instituzioek gidaturiko eta ordainpeko ekintzetan euskara bermatua ikusi nahi dugu.
Hauxe nabarmendu nahi da prentsaurrekoan:
- Gasteizko haurren aisialdia euskaraz izatearen garrantzia.
- Eremu ez formalean ematen den sozializazioa euskaraz izatea kohesio elementu indartsua dela, ikasleen aniztasunari erreparatuz.
- Euskarazko aisialdiak ardatza izan behar duela esparru ez formaletan euskararen erabilera bermatzeko.
- Aisialdiko ekintzek koherentzia izatea eskoletako hizkuntza trataerekin. Gasteizko ikasleen %94,1 dago D ta B ereduetan matrikulatuta (Lehen Hezkuntzako datuak).
Hauxe eskatu nahi da prentsaurrekoan:
- Aisialdiko ekintzetan gure seme-alabek euskaraz eginez gozatzeko baldintzak sortzeko beharrezko neurriak hartzea eta, horrela, euren hizkuntza eskubideak bermatzea.
- Gizarte Etxeetako ekintzetan euskara bermatua izatea eta, horretarako, ekintzen gidariak ahalduntzea eta prestatzea jardueretan sortzen diren hizkuntza-egoerak euskararen alde bideratzeko. Izan ere, euskarazko programaturiko ekintza izan arren, praktikan euskara tokirik gabe geratzen baita, tamalez, sarri askotan.
- Elebidun moduan adierazten diren ekintzak birplantea ditzatela Gizarte Etxeetan, gaztelania hutsean bukatzen dutelako, behin eta berriz.
- Aldundia edo Udala parte diren gainontzeko erakundeetan ere (Musika Eskola, Arte eta Lanbide Eskola, Artium Museoa…) euskarazko ekintzak eskaini eta bermatzea.
- Aisialdiko ekintza horietan gure seme-alaben hizkuntza eskubideak betearaztea eskatu nahi da.
BEHATOKIAREN IRAKURKETA
Hizkuntz Eskubideen Behatokitik Gasteizko guraso hauek egiten duten irakurketa eta aldarrikapenekin bat gatoz, izan ere, orokortua dagoen arazoa da eta Araban ez ezik, Euskal Herriko luze zabalean gure haur eta gazteek aisialdiari lotutako eskaintza urriagoa dute. Nola ez, eremu batzuetan bereziki larria da egoera, Euskal Herriko hiri eta zenbait herritan kasu. Haur txikien euskarazko eskaintzak egoera hobea duen arren, haur nagusiago zein gaztetxoei zuzendutako eskaintzan hutsune edo eskaintza eza nabarmena da.
Azken urteetan herritarrek helarazi dizkiguten kasuen arabera, erakunde publikoetatik antolatzen diren hainbat ekintza, tailer, hitzaldi zein bestelakoetan euskarazko eskaintza urriagoa izaten da eta askotan, euskaraz iragarritakoak ere baldintzatu egiten dira edo nagusiki gaztelaniaz egitera pasatzen dira.
Egun euskara ezagutzen ez duten pertsonak izateak ezin du gaztetxoek espazio guztietan euskaraz bizitzeko duten eskubidea mugatu edo zokoratu. Kontrakoa, aisia euskaraz eskaintzeak, haur guztiek gaztelania eta frantsesarekin batera euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukerak zabalduko lituzke eta beraz, eskola eremuaz harago, etorkizunean jendarte justu eta berdinzaleago bat irekitzeko administrazio publikoetatik bermatu beharreko neurria dugu.
Zer esanik ez, gure eskaera erakunde publikoei zuzendu diegun arren, aisiari lotutako eskaintza azpikontratatu edo ekintzak antolatzeko diru-laguntza publikoa jasotzen duten enpresak ere barne hartzen ditugula, baina dagozkien Erakunde Publikoek eremu pribatutik egiten den euskarazko eskaintza sustatzeko betebeharra dutela gogorarazi nahiko genieke.
-
Argazkiak: Mikel Buruaga (Arabako ALEA)
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05