Getxoko Udaleko udaltzain postu berrietan euskara ezagutzeko beharra murriztearen harira

2024-10-24

Card image cap

Getxoko Udalak erabaki du hamar udaltzain postu berri sortzea, eta horietatik soilik bostek egiaztatu beharko dute euskararen ezagutza. Argudio bezala, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren ondorioz auzitegiek ezarritako jurisprudentzia aipatzen da. Hau dela eta, ondorengoak aipatu nahiko genituzke Hizkuntz Eskubideen Behatokitik: 

1. Getxoko Udalak aipatzen dituen epai horien aurretik ere, hainbat deialdi eginak zituen eta horietan ere  euskararen nahitaezko ezagutzarik gabe udaltzaingoko plazak eskuratu zitezkeen. Beraz, Getxoko Udalak jada sententzia horien zentzu berean jarduten zuen aurretik ere, beraien arteko akordioa justifikatzeko modua izan dela iruditzen zaigu. 

2. Eremu soziolinguistikoko ezagutza datuen arabera jarduteak etorkizuneko herritarren eskubideak ere mugatzen ditu eta euskara dakiten agente batzuk soilik izateak euskara erabiltzeko eskubidea duen herritarra baldintzatzen du. Izan ere, ezinezkoa da aurreikustea noiz eta non eskatuko duen herritarrak zerbitzua euskaraz. Hemen Getxoko udaltzaingoko zerbitzuetan gertatutako adibide bat:

359-2021 dosierra: «...udaltzain bat hurbildu eta, gaztelaniaz, zer nahi nuen galdetu. “Salaketa jartzera nator” esatean, “en castellano” esan dit. Gaztelaniaz, derrigortuta, azaldu diot salaketa jartzera nindoala, baina euskaraz egin nahi nuela, udaltzain euskaldun batekin. Ezinezkoa zela adierazi dit, une horretan atestatuetan ez zegoelako inor euskaldunik. Salaketa jarri barik geratu naiz, euskaraz egin ahal izango dudanean ekiteko.»

3. Udaltzaingoko zerbitzuak herritarren segurtasunari lotuak daude eta, beraz, agente guztiek herritarrak euskaraz artatzeko gaitasuna izatea, herritarrak ongi babesteko gaitasuna izatea ere bada.

4. Herritarrek zerbitzu publikoak berdintasunean jasotzeko eskubidea dute. Beraz, euskaraz dakien agente bat bere txandan egon arte itxaron behar izatea edo dokumentu bat euskaraz aurkezteko bi aldiz joan behar izatea bulegoetara ez litzateke onargarria izan beharko.

5. Erakunde publikoak izan behar dira herritarren eskubideen defentsa eta bermea, eta horiek defendatzeko erabaki eta mekanismoak bilatu behar dituzte.

6. Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunak, 7. artikuluan, erakunde publikoei ezartzen dizkien politika, legeria eta praktikek izan behar dituzten helburu eta oinarrien aurka doa.