Herritarren ahaleginak aldaketak eragiten ditu

2015-06-11

Card image cap

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik, "Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2014" txostena aurkeztu du gaur Bilbon. Herritarren bultzadari esker egoera aldatzea posible dela esan du Petriatik. 

Herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerek agerian jartzen dute gero eta gehiago direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak eta gero eta determinazio handiagoarekin ekiten diotela euren nahi hori errealitate bihurtzeko jardunari. Aitzitik, errealitateak ez die hori ahalbidetzen. “Urraketek herritarrari bazterketa, nahigabea, amorrua, inpotentzia… sentimendu ugari sentiarazten diote”, esan du Petriatik. Horretarako, 2014an jasotako hainbat gertaeren berri eman du Behatokiak.

Behatokiko zuzendariak 2014an Euskararen Telefonoaren bitartez  jasotako bizipenak aintzat hartuta, “herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela ikusi dugu eta saiatzen da konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten”, esan du. “Horretarako laguntza eta elkartasuna eskatu eta bilatzen ditu,  Behatokira joz. Elkarlanean aldaketa eragin dezakegula ikusi ahal izan dugu”.

Euskaltzale aktiboa indartzen ari dela ere nabarmendu du Petriatik, “ahalduntzea errealitate bat da. Egoera aldatzea lortzen da eta argi dugu aldaketa txiki askoren ondorio izango dela aldaketa handia”.

Testuinguru orokor baten baitan ematen dira egoera hauek guztiak.“Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioak, administrazio autonomikoek eta toki administrazioek, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak”. “Erantzukizunak dituzten pertsonak eta arduradunak, maiz, uzkur dira urraketa egoeren aurrean. Hainbatetan utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea”.

Behatokiko zuzendariak elkarlanerako deia luzatu du, “euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa da herritarren eta erakundeen konplizitatea. Izan ere, helburu hori erdiesteko beharrezkoa da bakoitzak dagokion mailan eta dagokion esparruan bere ekarpena egitea”. Eta herritarrei abiatutako bidetik jarraitu eta hau intentsitate handiagoz egiteko gonbita ere egin die, “herritarren presioa areagotu behar da. Ahaldundu, ez utzi pasatzen bat bera ere”.