[Iritzia] Aurpegia arimaren ispilu
2018-03-27
EHEk larunbatean eginiko manifestazioaren harira, hizkuntza-eskubideen existentzia onartzeaz gain, hiztun horien eskubideak egiazki eta eraginkortasunez bermatu beharraz solasten da Garbiñe Petriati Behatokiko Zuzendariak Euskalerria Irratirako eginiko hilabete honetako kolaborazioan.
Ofizialtasuna eta mugarik gabeko euskara aldarrikatzeko manifestazioa deitu zuen EHEk pasa del larunbatean Iruñean. Mobilizazioa iragartzeko, euskal hiztunek errealitatean aurkitzen dituzten zailtasunen berri ematen zuten hainbat bideo labur zabaldu ziren.
Bideo horietan herritarren aurpegiaren irudi finkoa ageri da, bitan banaturik. Aurpegiaren alde bat argi, garden eta koloretsu ikus daiteke; beste aldea, berriz, lauso, kolorea galduta eta itzaltsu.
Nabari-nabaria da aurpegiaren bi aldeen arteko muga eta, nire ustez, oso egoki irudikatzen du errealitatea: erdaraz aritzeko ez dago inongo oztopo edo trabarik, argitsu eta dirdiratsu ageri da egoera, baina euskaraz jardun nahi duenean lanbrotu eta ilundu egiten da hiztunaren aurpegiera.
Euskal hiztunen bisaietan mugak ezabatzeko, ez da nahikoa hizkuntza-eskubideen existentzia onartzea, hiztun horien eskubideak egiazki eta eraginkortasunez garantizatzeko bide eta neurri konkretuak hartzea eskatzen du. Benetako aukerarik gabe diskriminazioa daukagulako, eta ez eskubidea.