Maiatzeko aipagarrienak
2026-06-01
2026ko maiatzan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» CPIE Euskal Itsasbazterra / Littoral Basque erakundetik mezuak frantses hutsean igortzen dituzte herritarrak berariaz mezuak euskaraz nahi dituela adierazi arren.
» Lanbide Heziketa Berezian Nafarroa osoko euskarazko eskaintza bakarra dagoela salatu dute: Baztanen.
» Gasteizko Udalaren lan-deialdietako azterketaren euskarazko eredua akatsez josita egon dela salatu dute. Bozgorailutik euskaraz zabaldutako oharrak ere ez dira zuzenak izan).
» Bilboko Erregistro Merkantilean arreta euskaraz jasotzea ezinezkoa dela salatu dute.
» Correosen Mungiako bulegoan modu desegokian erantzun diote herritar bati arreta euskaraz eskatzeagatik.
» Euskalteletik bezero berriak lortzeko kanpainaren baitan jasotako deian “Sí, claro, y la compañía que tienes ahora te atiende en euskera, ¿no?” erantzun diote herritar bati.
» Toyota kontzesionarioek arreta baloratzeko inkesta 42 hizkuntzatan dute, euskaraz ez.
» Decathlonen Barakaldoko dendan arreta euskaraz eskatu ondoren, langile guztien artean ez zegoela euskaraz zekien inor erantzun zioten herritar bati.
» Espainiako Meteorologiako Estatu Agentziaren eguraldia kontsultatzeko mugikorreko aplikazioa ezin da euskaraz jarri.
» Bilboko Intermodaleko informazio gunean zegoenak ez zekien euskaraz.
» Espainiako Poliziaren VIDOC nortasun agiria eta pasaportea berritzeko herriz herri ibiltzen den furgonetan euskarazko arreta ez dela bermatzen salatu dute.
» Herritar batek Lekeitioko Udaltzaingora deitu du eta telefonoa hartu duenak gaztelaniaz erantzun du; euskara ondo ulertzen ez zuenez, gaztelaniaz aritu behar izan du.
» Herritar batek Quirónsalud osasun zentroan ezin izan du mediku azterketa euskaraz pasatu; medikua ez zen euskalduna eta langileen euskarazko galdetegiak akats larriak zituen.
» Amurrioko komertzio gehienen paisaia linguistikoa ez dela euskaraz salatu dute.
» Bilboko Txurdinaga auzoko kiroldegian ezin izan dute arreta euskaraz jaso.
» Iberdrolak legeak ezarritako Nafarroako eremu euskaldunean ere oharrak gaztelania hutsean ezarri ditu.
» Irungo epaitegietan ez da arreta euskaraz bermatzen herritarrak berariaz eskaera egin arren, eta jakinarazpenak zein herritarren abizenak gaztelaniaz idazten dituzte.
» Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak udan atzerrira joateko beken inguruan antolatutako gurasoentzako bilera gaztelaniaz izan da.
» Diario de Getxoren webgunea eta sare sozial guztiak gazteleraz bakarrik daude publikatuta.
» Forum Sportek emailak eta inkestak gaztelania hutsean bidali dizkie bezeroei.
» Gernika-Lumoko Udalak bost bakarrizketa saio antolatu ditu, guztiak gaztelaniaz (eta guztiak gizonezkoenak).
» Barakaldoko KZgunean euskarazko ikastaroen eskaintza hutsaren hurrengoa dela salatu dute.
ZORIONTZEAK
» Txondorra Elkarteari, ETB2n gaztelaniaz egiteko eskatu arren, euskara babestu eta defendatzeagatik. Azkenean ez zieten tarterik eskaini euskara erabili nahi izateagatik.
» Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteari, asteburuko ospakizunetan euskarari behar duen tokia eman ziolako.
» Dindaia Fundazioari, hezitzaile titulu ofiziala euskaraz egiteko aukera eskainiko duelako.
LORPENAK
» EAEko Hezkuntza Sailak neurriak hartu ditu Gasteizko ikastetxe bateko langile baten baja ordezkatzeko postua betetzen duen pertsonak euskararen ezagutza izaten jarraitu dezan.
» Nafarroako Arartekoak neurriak hartu ditu Departamentuen erantzunak herritarrek euskaraz jaso ditzaten.
» Arabako Foru Aldundiaren liburutegi baten auto-mailegurako makina euskaraz lehenetsita konfiguratu da.
Albiste gehiago
Apirileko aipagarrienak
2026-05-04