Eurogutunaren gomendioak bete gabe jarraitzen dutela salatu du euskalgintzak

2026-06-23

Card image cap
  • Hizkuntzen Eurogutunaren ebaluazioaren baitan, Espainiako Gobernuak Europako Kontseiluarengandik jasotako gomendioei emandako erantzun batzuk gezurtatu dituzte Behatokiak eta Kontseiluak.
  • Behatokiak maila ezberdinetako administrazioetan euskara erabili edo euskaraz jarduteko dauden zailtasunak eta bizipenak mahaigaineratu ditu, aipatutako gomendioak bete gabe jarraitzen direla erakutsarazteko.
  • Kontseiluaren arabera, Eurogutuna derrigorrez bete beharreko ituna izanik, 6. ebaluazioaren harira emandako gomendioak ere behar bezala bete gabe jarraitzen dute, besteak beste, EAEn eta Nafarroan.

Hilabete honetan, Espainiako Gobernuak eta honen menpe dauden Erkidegoetako administrazioek jakinarazi dute zein neurri hartu dituzten 2024an Europako Kontseiluak egindako berehalako gomendioak betetzeko, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren (“Hizkuntzen Eurogutuna”) seigarren ebaluazioaren txostenari erantzunez. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, berriz, administrazio maila ezberdinetan ematen diren hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoak jasotzen dituen txostenarekin erantzun dute, kasu batzuetan Espainiako Gobernuaren txostenean aipatutakoa gezurtatzeko.

Eurogutunaren 2024ko ebaluazioan, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak berehalako gomendio hauek helarazi zizkioten Espainiako Estatuari:

  • Estatuko Administrazioaren tokiko bulegoekin euskara erabili ahal izango dela bermatzea, neurri egokien bidez.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- edo osasun-laguntzako zentroetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea, eta auzitegietan, aldeetako batek hala eskatuz gero, prozedura oro euskaraz gauzatu daitekeela aitortzen duen legeria praktikan bermatzeko neurriak hartzea.
  • Nafarroako Foru Erkidegoan, administratiboki hiru eremutan banatzeak euskararen erabilerarekiko sortzen dituen oztopoak ezabatzea, eta asistentzia soziala edo osasun arreta eskaintzen den zentroetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea.
  • Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoan euskararen egoera argitzea.

Espainiako Gobernuak Europako Kontseiluari bidalitako txostenaren bidez, gomendio horien betetze-mailaren inguruan egindako hainbat baieztapen gezurtatu dituzte Behatokiak eta Kontseiluak. Izan ere, Behatokiak zenbait administraziotan euskara erabili edo euskaraz jarduteko dauden zailtasunak eta bizipenak mahaigaineratu ditu, aipatutako gomendioak bete gabe jarraitzen dutela erakutsarazteko.

Justiziaren eremuan, oraindik, euskararen erabilera bermatzeko ezintasun nabariak daude, eta azken urteetako kasuek hala erakusten dute. Estatuko sistema judiziala zein justiziako eskumenak eskuratu berri dituen Eusko Jaurlaritza itzulpengintza sistemetan oinarrituta daude, eta horrek eragozpen nabariak ezartzen ditu prozeduretan euskara erabiltzerakoan. Euskararen nahitaezko ezagutzarik ez duten hainbat lanpostuk sistema judizial osoa baldintzatzen dute, epaile, magistratu eta letratuen kasuan bereziki. Ondorioz, defentsa zein babes judizial eraginkorrerako eskubideek etengabe urratuak izaten jarraitzen dute. Estatuko sistema judizialaren kasuan, webguneak zein horietan eskaintzen diren baliabide telematikoak ezin dira euskaraz erabili. Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan, justizia administrazioarekiko informazio eza eta euskara ia ikusezin egitea salatu dira.

Behatokiak azaldu duenez, administrazio ezberdinek etengabe urratzen dituzte osasun eta gizarte zerbitzuetan euskara erabili ahal izateko neurriak; baita euskara aukeratzeko bidea dagoen kasuetan ere –EAEn, batik bat–. Plazaratu diren kasuetan ikus daitekeenez, euskararen ezagutza osasun sistema osoan nahitaezkoa ez izateak herritarren haserrea eragiten du. Neurri berean, argi dago euskararen erabilera osasunarekin eta ongizatearekin estuki lotuta dagoela. Bereziki azpimarratu da Nafarroako Gobernuak ez duela neurri eraginkorrik hartu osasungintzan, zonifikazioak ezartzen dituen mugak ez dituelako gainditu nahi izan; horrek eragin nabarmena du bai zerbitzu zentraletan, baita osasun sistema osoan ere.

Trebiñuko lurraldeari dagokionez, Gaztela eta Leongo Gobernuaren utzikeria salatu dute Behatokiak eta Kontseiluak, Europako adituek informazioa Trebiñuko Udalaren webgunetik atera behar izan baitute beren kabuz. Bi eragileek helarazitako txostenean, euskararen presentzia sustatzeko ekimen gehienak eremu pribatutik edo Arabako Foru Aldundiaren eskutik datozela gogorarazi da, baita Gaztela eta Leongo administrazioek euskararen irakaskuntzari dioten erabateko aitortza gabezia ere.

Hizkuntzen Eurogutuna derrigorrez bete beharreko ituna izan arren, seigarren ebaluazioaren ondorioz egindako gomendioak ez dira behar bezala bete. Gainera, Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute administrazio batzuen utzikeria, nazioarteko itunei ez zaiela aitortzarik egiten, eta Europara bidalitako informazioa eskasa dela. Horren aurrean, inplikatutako gobernuei eskatu diete gomendioak seriotasunez hartu eta Eurogutunarekin sinatutako konpromisoak bete ditzatela behingoz.

Gogorarazi behar da Kontseiluaren aldarrikapen nagusia euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea dela. Hortik harago, Europako gomendioak berme-neurrien ingurukoak izan dira euskara ofiziala den eremuetan. Euskara ofiziala ez den eremuetan, berriz, sustatu eta gutunean hartutako konpromisoen norabidean jo behar da. Ez da serioa sustapen-neurri txikiak berme-neurritzat planteatzea, edo ofizialtasun ezari tiraka, betebeharrik ez dagoela pentsatzea.