[Iritzia] Bide okerretik

2022-02-01

Card image cap

Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria 

Argi dago Nafarroako Gobernuko zerbitzuetan herritarren eskubideak bermatu ahal izateko egin behar nagusia, euskararen nahitaezkotasuna ezartzen duten lanpostuak sortzea dela, baina merezimenduen bidez ere herritarrek administrazioarekin euskara erabili ahal izatea bultzatzeko neurriak ezarriko badira, berriki aurkeztu duten dekretu hau mekanismo hutsala eta itxurakeriazkoa dela esan genezake. Gobernutik proposatzen direnak aurreko erregulazioak ezarritakoak baino atzerakoiagoak dira oro har: Nafar guztiok jasotzen ditugun zerbitzu zentral askotan euskara ez da kontuan ere hartuko eta ondorioz, herritarrok euskararen aldeko hizkuntza hautua egin ahal izatea, erruleta jokoan ibiltzea bezala izango da. Lanpostu batzuetarako soilik euskarak %6ko merezimendua izatea eremu mistoan eta %10a eremu euskaldunean, esan dezatela nahi dutena, baino neurri atzerakoia da. Non geratzen dira bestela Euskararen Dekretuan eremu euskaldunean herritarrekin harremana zuten lanpostuetarako ezartzen ziren %23 eta %20ko balorazioak adibidez? Non geratzen da lanpostu zehatz batzuetatik harago, herritarrekin egunero harremanak dituzten lanpostuetan euskara baloratzea? Eta batez ere non geratzen dira Nafarroako hegoaldeko herritarren eskubideak? Behin eta berriz bidean zuloak egiten dabiltza, ostean horietako batzuei harea gainera botaz.Zalantzarik gabe, bide honek ez garamatza leku onera. 

 

Euskalerria Irratian argitaratutako iritzi artikulua: 

https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/gaubeka/1643714954301-bide-okerretik