[Iritzia] Euskalerria irratiaren “onda”
2018-11-07
Euskalerria Irratiaren urteurrena izan du aipagai Garbiñe Petriati zuzendariak, bertan egindako azken kolaborazioan.
Euskara bezalako hizkuntza gutxiagotuak garatzeko gune eta tresna aparta dira hedabideak. Horretaz jabeturik, 1988ko azaroaren 7an, sortu eta jarri zuen martxan Euskalerria irratia Iruñeko euskaltzale talde batek.
Ez da bide samurra izan, trabaz eta oztopoz beterikoa baizik. Esan daiteke euskarak Nafarroan azkeneko hamarkadetan jasan duen bazterkeriaren paradigma dela irratiaren historia.
Informazioa euskaraz emateko sortu zen, komunitateak eman dio sostengua eta komunitateari eman dio ahotsa gertutasunetik, hurbiltasunetik, parte hartzea bultzatuz, jatorrizko kultura indartuz, komunitatea trinkotuz eta talde baten parte izatearen harrotasuna sentiaraziz.
Euskaltasunetik, gertukotik, euskaraz osoki bizi ahal izateko esparru bat sortu eta eskaintzen dute Euskalerria irratiak eta gainontzeko tokiko komunikabide guztiak. Harro egon behar du egindako bidearekin, pozik egin duenarekin. Zorionak eta biba zuek!