[Iritzia] Euskaraz, kalitatearen izenean
2021-02-23
Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria
Pasaden astean Nafarroako Parlamentuan, Osasun Departamentuari Nafarroa osoan pediatren estaldura bermatzea eskatzeko mozio bat onartu zen. Aipatzen denez, mozio horren helburua 15 urtetik beherako guztiei kalitatezko laguntza bermatzea da. Besteak beste, pediatriako behar adina lan-postu sortzea eskatzeaz gaindi, espezialista hauen estaldura bideraezina den kasuetan arreta hori emango duten medikuntza eta erizaintzako langileen ezagutza gabeziak arintzeko, prestakuntza ikastaroa garatzea ere eskatzen da. Honen aurrean hainbat galdera datozkit burura… zer da ba zehazki haurren kalitatezko laguntza bermatzea? zer da kalitatezko pediatria zerbitzu bat? eta zeintzuk dira zehazki langileen ezagutza gabeziak? Kalitatezko pediatria zerbitzu batek espezialitateko hainbat ezaugarri izan behar ditu noski, besteak beste kalitatearen seinale bada ere zerbitzua bertoko hizkuntzan ematea, Nafarroako haur eta gaztetxo askoren hizkuntzan artatzeko gai izatea. Haurren osasuna eta zaintza hobe bermatzeko ezinbestekoa baita diagnostiko zehatzagoa egin, zein txikiak duena ahalik eta zehatzen ulertzea. Zer esanik ez, haur horiei ematen zaien gertutasun eta goxotasunean ere oinarrizkoa dela euskaraz artatzea. Nafarroan, zenbat lanpostutan hartzen da kontuan zerbitzuaren kalitatea parametro horietan? Lurralde osoan haurrekiko zerbitzuaren kalitatea maila berdinean eskainiko al da? Egun Nafarroan dugun euskarazko pediatria zerbitzuen eskaintza urriari buelta emateko aukera du beste behin Nafarroako Gobernuak. Kalitatearen izenean, probestuko al du aukera?
Euskalerria Irratian argitaratutako iritzi artikulua:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/gaubeka/1614079785642-euskaraz-kalitatearen-izenean
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04