[Iritzia] Hizkuntza arrazoiengatik sortzen diren jende arteko hesiak desagerraraziz ere egiten da justizia sozialaren alde
2017-07-14
Giza-eskubideen gaiari heldu zion Garbiñe Petriatik, Behatokiko zuzendariak, otsailean Info7 irratiko Gureaz blain saioan. Aurten egindako kolaborazioen bilduman azken aurrekoa da hau.
2007. urtean, Nazio Batuen biltzar nagusiak, Justizia Sozialaren aldeko Munduko eguna izendatu zuen otsailaren 20a.
Munduko behartsuenen eta aberatsen arteko aldea eta herrialde berean ere ematen diren desberdintasunak ezabatzea eta pertsona guztientzako oinarrizko eskubideak sustatzea du xede Justizia Sozialaren Munduko Egunak.
Justizia sozialak, pertsonen duintasuna, aukera berdintasuna eta giza eskubideen oinarrizko ideiak adierazten ditu. Giza-eskubideak dira justizia sozialaren iparra.
Pertsona guztiak, hala izate hutsagatik berez ditugun eskubide komunen multzoa dira giza-eskubideak.
Eskubideok berdinak dira denontzat, gure adina, sexua, arraza, kolorea, jatorria, erlijioa, hizkuntza edo beste edozein gorabehera pertsonal nahiz sozialak edozein direla ere.
Giza-eskubideen bi funtsezko balioak dira berezko duintasunaren errespetua eta pertsonon berdintasuna.
Giza-eskubideak oztopatzen dira, bazterkeria sortzen da norberaren sexu joera, nazionalitatea, erlijioa edota hizkuntza arrazoiengatik diskriminatzen denean. Esan dezakegu bada giza eskubideen dimentsio linguistikoa direla hizkuntza-eskubideak. Norbere hizkuntzaz baliatu, hura erabili eta garatzeko eskubidea
Gainontzeko eskubideekin batera bat gehiago dira hizkuntza-eskubideak.
Eta Giza-eskubide guztiek daukate garrantzia maila berdina, ez dago hierarkiarik horien artean, guztiak dira beharrezkoak duintasuna lortzeko.
Baina, euskal hiztunak administraziora jotzen dutenean aurkitzen dituzten trabak ez al dute ahalbidetzen hizkuntza arrazoiengatik pertsonak zokoratzea? Osasun arreta euskaraz jasotzeko oztopoak ez al dute bazterketa eragiten? Ez al dute bereizkeria sortzen ikasketak euskaraz egiteko zailtasunak edota aisialdiaz euskaraz gozatzeko trabak?
Diskriminazioa elkarbizitza oztopatzen duen injustizia bat da eta euskaldun gisa duintasunez eta errespetuz tratatua izateko eskubidea baldin badugu ere, oraindik orain euskal hiztunek bereizkeria jasaten dugu.
Euskal hiztunoi bizitzako eremu guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea eraginkor egitea zor zaigu, justizia zor zaigu, hizkuntza arrazoiengatik sortzen diren jende arteko hesiak desagerraraziz ere egiten delako justizia sozialaren alde. Jendarte justuagoa eta aberatsagoa eraikitzen delako. Herritarren bizi baldintzen hobekuntza ekartzen duelako.
Info7 irratiko Gureaz blai saiorako, otsailean egindako kolaborazioaren idatzizko bertsioa da hau