[iritzia] Hizkuntza eskubideak bahituta
2023-12-13
Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria
2023a ere badoakigu, baina badirudi urtea bukatzeko, aurreko urteen ildo beretik, hurrengo urteetan euskara eta hizkuntza eskubideek izango dituzten muga, oztopo eta erasoen kapitulu bat gehiago eskaini nahi digutela.
Batetik, Nafarroako auzitegiek hizkuntza politika markatzeko eta diseinatzeko estrategiaren barruan, Zizur Nagusiko udaleko lanpostu bati lotutako epaiaren berri eman dute. Herriko ikastetxe, elkarte eta norbanakoei zerbitzua eman beharko dion obretako langile lanpostuan euskararen ezagutza eskatzea gehiegizkotzat jo dute epaitegietan (9 lanpostutatik bati jarri zioten euskarazko profila), beste behin euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiak diskriminatuko direla esanez. Kasu honetan ere, herritarrari eman behar zaion zerbitzua bigarren mailan geratu da beraz, udalak berak lanpostuaren zereginetan herritarrekiko dituen eginbehar eta harremanak oso ongi zehaztu arren.
Bestetik, Orkoiengo udal agintariek 2009tik indarrean zegoen euskararen ordenantza aldatzea erabaki dute, nola ez, ordenantza erabat murriztu eta eduki gabe utzi nahi dute. Izan ere, ordenantza horren helburua udalean euskararen normalizazioa eta sustapena direla suposatzen den arren, udaleko zerbitzuak euskaraz jaso zein euskararen presentzia bermatzeko neurri guztiak ezabatu nahi dituzte, babestu eta sustatu beharrekoa gaztelania balitz bezala.
Biak ala biak, estrategia berberaren barruan kokatzen ditugu, Nafarroan euskara ikasi eta euskara erabiltzearekiko mugak betikotzea. Oldarraldi honek beraz, ez du etenik, euskararen lurralde luze zabalean gutxitutako hizkuntza eta hiztunen kontrako gurutzada nabarmena.
Euskalerria Irratian argitaratutako iritzi artikulua: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/gaubeka/1702378844451-hizkuntza-eskubideak-bahituta