[Iritzia] Negua joan da ta?
2018-02-27
Garbiñe Petriati Behatokiko Zuzendariak Euskalerria Irratirako eginiko hilabete honetako kolaborazioan, 1986tik indarrean dagoen Euskararen Legea aztertzeko Nafarroako Parlamentuan sortutako batzordea du hizpide.
Bizilekuaren arabera hiru babes-maila ezberdin asmatu zituen hizkuntza-eskubideen babeserako 1986an Nafarroan sortu zen lege aldetiko ekipamenduak. Bi lur zatitan negu gorrian eta larrugorritan utzi zituen euskal hiztunak. Orduz geroztik negu amaigabean bizi dira.
Hirugarren zatiari, berriz, eguzkiak eman badio ere, itzal eremu zabalak ezartzen dizkio parean duen hizkuntzak, gaztelaniak, eta ez du erabat goxatzen bertan bizi diren euskal hiztunen egoera.
1986tik indarrean den Euskararen Legea aldatzea aztertzeko batzorde berezia sortu dute Nafarroako Parlamentuan pasa den astean. Eguzki izpiei sartzen uzteko lehenengo urratsa.
Lehenengo urrats horren ondotik egin beharreko bidearen emaitza bat baino ezin da izan: eremukako banaketarekin bukatu eta herritar guztiak babesteko eta aterpetzeko estalgune egokia eskaintzea.
Ea ba Zea Mays-en abestiaren arrakasta berbera izaten duen eta “Negua joan da ta” kantatzen dugun behingoz!
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05