Iruñeko Udaleko euskara ordezkariekin bilkura
2015-10-07
Hizkuntza-eskubideen egoeraren berri emateko asmoz, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariak, Garbiñe Petriati zuzendaria eta Arantza Haranburu kudeatzailea, Iruñeko Udaleko Iñaki Azkona euskara teknikariarekin eta Maider Beloki euskara zinegotziarekin elkartu dira.
Iruñeko Udaleko ordezkariekin eginiko bilkuran, herritarrek igorritako kexak eta kasuak oinarri hartuta, hizkuntza-eskubideen alorrean dauden beltzuneak, hizkuntza-legediaren inplementazioaren arazoak eta sustapen handiagoa eskatzen duten alorrak identifikatu eta Udalaren efikazia eta zerbitzu-kalitatea hobetzeko ekarpena egin nahi izan dio Behatokiak Iruñeko Udalari.
Horrekin batera, aurrerantzean bi erakundeak elkarlanean aritzeko bideak zehaztu dira. Horretarako, besteak beste, hilean behin herritarrek jarritako kexak edo zorion mezuen berri helaraziko dio Behatokiak Iruñeko Udalari. Udalak, bere aldetik, horiek kontuan hartu eta beharrezkoak diren neurriak hartzea aztertuko du.