Martxan da Akuilari aplikazioa!
2015-11-24
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak abian jarritako Akuilari aplikazio berriaren bidez, hizkuntza-eskubideak urratzen zaizkionean, berehalakoan kexa jartzeko aukera izanen du herritarrak bere telefono mugikorraren bidez. Baita zorion mezuak bideratu ere.
AKUILARI euskaraz bizitzeko aukera egin duten herritarrei zuzendutako mugikorrerako aplikazioa praktiko eta azkarra da. Edonon euskaraz jarduteko arazoak aurkitzen dituztenean, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi, oztopoei aurre egin eta elkarrekin eraginez, egoera hobetzeko bidea eskaini nahi duen tresna da. Finean, euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihur dadin, zailtasunen gainetik duintasunez elkarrekin aurrera egin eta eragiteko xedea duena.
Horrela bada, euskara erabiltzeko duen eskubidea errespetatu ez bazaio edo euskara erabiltzeagatik kaltetua izaten bada, herritarrak kexa jarri ahal izanen du momentuan bertan aplikazio berriaren bitartez. Eta, era berean, hizkuntza-eskubideak bereziki ongi zaintzen dituzten entitateen jokabide eredugarria txalotu eta zoriondu ahal izanen du.
Horretarako, aplikazioa mugikorrera jaitsi eta erabiltzaile bilakatu beharko du herritarrak edo, Euskararen Telefonoaren erabiltzailea izanez gero, aplikazioa jaitsi eta haren erabiltzaile eta pasahiatza sartu.
Gainera, kexa eta zorion mezuak igortzeaz gain, beste herritarrek Behatokira helarazi dituzten gertaerak ikusteko eta sare sozialetan partekatzeko aukera eskaintzen du aplikazioak. Beraz, badakizue...