Martxoaren 8ko Adierazpena
2022-03-08
Martxoaren 8 honetan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogoeta berezia egin nahi du. Egun hau emakumeok pairatzen dugun zapalketa, eskubide urraketa eta sistema hetero-patriarkalarekiko haserrea erakusteko eguna da, baina egun honetatik harago, urte osoko gogoetak eta lanketak behar ditugu.
Aldarrikapen feministen artean gure herriko hizkuntza berdintasunean ikasi zein jendarteko esparru guztietan erosotasunez erabili ahal izatea kokatzen da. Ikuspuntu feministatik herri honen agendan eta aldarrikapenetan hizkuntza-eskubideei aitortza egitea, gutxitutako kolektiboak erdigunera eramatea da eta zapalketa ezberdinak pairatzen ditugun emakumeon aldarrikapen eta bisibilizazioan aurrera egitea.
Era berean, Euskal Herri feminista eraikitze bidean, Behatokiaren helburu, lan-lerro zein egunerokotasuna betaurreko moreetatik bideratzen dugu, feminismoak bere egiten dituen beste hainbat aldarrikapen uztartuz.
Izan ere, oraindik orain, Euskal Herriko emakumeek berariazko zailtasunak dituzte arlo ezberdinetan euskaraz bizi ahal izateko zein euskara ikasteko, eta horiek detektatu eta jendartearen aldarrikapenetan txertatzea ezinbestekoa da.
Hona hemen adibide batzuk:
- Emakumeok euskara ikasteko zailtasun handiagoak ditugu, diruz eta denboraz pobreagoak garelako. Izan ere, euskararen lurraldeetan ez da erabat doakoa eta eremu batzuetan doakotasunari jartzen dizkioten baldintzak emakume askok ezin dituzte bete.
- Euskal Herrian emakumeok gehienetan ezin dugu osasun asistentzia euskaraz behar bezala jaso. Esan beharra dago, garrantzia berezia duela osasun arreta berezituak euskaraz eskaintzeak, zein euskarazko baliabide eta arreta psikosoziala bermatua izateak.
- Zenbait kasutan, emakumeok ezin ditugu zaintzari lotutako zerbitzuak euskaraz jaso, ez eskaini. Zaintza lanen prekarietateak hizkuntza-eskubideetan ere eragina du, lan hauek egiten dituzten emakumeek euskara ikasteko oztopoak dituzte eta zaintza zerbitzuak euskaraz jaso ahal izatea ere ez zaie bermatzen.
Espazio hauetan hizkuntza transmisoreak garenean ere, baliabideak falta zaizkigu.
- Emakumeok erasoak jasaten ditugunean, horri lotutako zerbitzu publikoetan ez dugu euskara erabiltzeko eskubidea behar bezala bermatua, horrek gure integritatean zein osasunean ere izan dezakeen kaltea kontuan izan gabe.
Beraz, pertsonon eskubideak ardatz eta ahizpatasunetik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bat egiten du Emakume Langileon Nazioarteko eguneko aldarrikapenekin.