Mendigorrian D eredua ezartzearen auzibideak aurrera darrai
2020-09-04
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du kautela neurri bezala Mendigorriko haurrak aurtengo ikasturtean D ereduan hastea onartu. Ondorioz, 2020-2021 ikasturteari A ereduan edo Garesen ekitea beste aukerarik ez dute izan Mendigorriko haurrek, gurasoen nahi eta borondatearen aurka
Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean D eredua ezartzeko aferak aurrera darrai. Ekainean bide administratiboa agortu zuten herriko gurasoek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak; uztailean, beraz, bide judizialari ekitea beste irtenbiderik ez zuten izan, Hezkuntza Departamenduak bide administratiboko errekurtsoa onartzen ez zuela adierazi ostean. Administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztearekin batera eta demanda formalizatu aurretik, kautelazko neurri bezala eskatu zen 2020-2021 ikasturtean Mendigorrian D ereduan ikasi ahal izatea.
Auzibideak beste bidegurutze bat bizi izan du berriki; Nafarroako Gobernua eskatutako kautelazko neurriak hartzearen aurka azaldu ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu behin-behineko neurririk aplikatzea. Ezezko honek, baina, ez du Mendigorrian D eredua ezartzearen prozedura ixten. Auzia hasi besterik ez da egin, eta ondorioz, auziaren mamiaren inguruko epairik ez da eman, oraindik ez baita epaiketa gauzatu. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak adierazi duen gisan:
Hizkuntza eskubideak ezbaian Nafarroan
Mendigorrian epaitegietako bidea urratzen aritu arren, Nafarroako hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzkeen araudiak dituen gabezien erakusle bilakatu da kasu hau. Gaubekaren hitzetan, <<afera hau, egungo marko juridikotik haragokoa dela uste dugu, Nafarroako egungo araudiak ez baititu behar bezala bermatzen euskaraz ikasi eta bizi nahi duten pertsonen eskubideak>>.
Halaber, Nafarroako Gobernuak herritarren eskubideak baztertu eta interesen araberako jokaera duela gehitu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak: <<Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen direnaren zaintzaile izan beharko luke, baina departamendu ezberdinetan hartzen diren neurri eta erabakiek herritarren hizkuntza eskubideak bestelako interesen azpian jartzen dituzte>>. Hezkuntza Departamendua da horren adierazle, <<euskara sustatu eta beharrezko ekitate neurriak hartu beharrean, Nafarroako euskararen biziberritzean oztopoak jartzen ari baitira>>.
A eredua edo Gares
Bien bitartean, datozen egunetan ekingo diote Nafarroako haur, nerabe eta gazteek 2020-2021 ikasturteari; tartean, nola ez, Mendigorriko ikasleek. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kautelazko neurriak aplikatzea ukatu ostean eta epaiaren esperoan, irailaren lehen bi egunetan egikaritu da ohiz-kanpoko matrikulaziorako epea, eta Mendigorriko gurasoek bi aukera izan dituzte soilik: haurrak Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxeko A ereduan edo Gareseko ikastetxeko D ereduan matrikulatzea. Bi aukera hauek, baina, ez dituzte asetzen Mendigorriko familiek adierazitako nahiak.
Izan ere, gurasoek abuztuan igorritako idatzian Hezkuntza Departamenduari adierazi eta berretsi zioten Mendigorriko ikastetxe publikoan eta D ereduan baino ez zituztela matrikulatu nahi beraien seme–alabak; alegia, iraganean, gaur egunean eta etorkizunean seme-alabak bere herrian eta hizkuntzan ikastea zela beraien nahia eta borondatea.