Nafarroa hegoaldeko familien kemena Parlamentuan islatu da
2015-02-19
Nafarroako gainontzeko zonaldeetan gertatzen den bezala Nafarroa hegoaldean ere D ereduko ikasgelak abiatu ahal izango dira eskola publikoetan.
Nafarroako Parlamentuan egun seinalatua 2015eko otsailaren 19a. 30 urtetan Euskararen Legeak ezarri duen harresi bortitza zulatuko duen lege proposamena eztabaidatzeko eguna. Urte horietan guztietan Nafarroa hegoaldean eskola publikoan D ereduan ikastea galarazi duen aldaketa mahai gainean.
Euskalgintzako sektore zabal baten ordezkaritza gonbidatuen aulkietan. Han izan da Hizkuntza Eskubideen Behatokia ere. Ezin burutik kendu urte hauetan guztietan zonalde horretako familiek bizi izan duten eskubide urraketa larria. Oso gogoan guraso horien indarra, egindako ahalegina eta erakutsitako adorea.
Seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko eguneroko kilometroak, bidean eman beharreko denbora, sosak eta errepideko arriskuak… Eurei esker euskarak ateak irekiago izango ditu Nafarroa hegoaldean.
Halere, Euskararen Legean onartutako aldaketak ez du nafar euskaldunen injustizia eta diskriminazioarekin bukatzen. Badakigu nafar askoren poza ez dela erabatekoa eta emandako urratsak ez dituela guztiz asebetetzen.
Baina, Arantxa, Lurdes, Argi, Josu... zuek emandako bultzadari esker irekitzen hasi den atearen atzean euskaraz ari diren ikasgelak ikusten ditugu. Orain, guztion artean, erabat zabalduko dugun ate horren bestaldean euskaraz mintzo diren bulegoak, dendak, lantokiak, aiselekuak... irudikatzen ditugu.
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05