Nafarroa osoko herritarrak, Dekretu berriaz kexu
2022-04-21
Gaur, Hizkuntz Eskubideen Behatokia Nafarroako Gobernuaren egoitzara gerturatu da Nafarroako osoko herritarrek aurkeztutako 1.200 eskaera erregistratze asmoz.
Eskaera guzti hauek erregistratzeko asmoz, Behatokia Nafarroako iparraldetik, erdialdetik eta hegoaldetik etorritako herritarrek lagunduta agertu da.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariarekin batera, bertan izan dira Ainara Iparragirre, Ainhoa Jauregi, Juanja Iturralde, Itxaso Telleria, Ander Loiola eta Aimar Jusue.
Hurrengo hamarkadak baldintzatuko dituen Dekretua
Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan lanpostuak lortzeko eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Foru Dekretuaren zirriborroak ezarritakoekin kexu dira herritarrak. Gogoratu dezagun, Gobernutik proposatutako Merezimenduen Dekretu berria onartzen bada, Euskararen Legeak ezarritako eremu euskaldunean eta eremu mistoko lan-postu publiko gutxi batzuetan soilik baloratuko dela euskararen ezagutza. Ez hori bakarrik, legeak berme gehien eskaini beharko lukeen eremu euskaldunean izendatutako lanpostuetan ere, deialdi batzuetako merezimenduen atalean euskarak %20 arteko pisua izatetik gehienez %10 inguruko puntuazioa izatera pasatuko da. Beraz, aurrerantzean ere milaka eta milaka izan daitezke euskarazko inongo ezagutzarik izango ez duten lan-postu publikoak.
Ezagutzaren balorazioak eragin zuzena du herritarrei zerbitzu egokia ematearekin, eta dekretu berri horrek ez ditu zerbitzuak euskaraz jaso ahal izateko neurriak bermatzen. Lan-postu publikoetan euskararen ezagutzak beharrezko neurriak ezarri ezean, ondorengo hamarkadetan ere herritarrei euskarazko zerbitzuak jaso ahal izatea ukatzen jarraituko die Nafarroako Gobernuak.
Eskubide urraketak, lehen pertsonan
Hainbat izan dira herritarrek beraien idatzietan deskribatu dituzten egoerak. Izan ere, herritarrek salatu dute Nafarroako Gobernuko hainbat zerbitzutan ezin izan dituztela zerbitzuak euskaraz jaso. Eskubide urraketa ugari ondorengo egoeratan eman dira:
- Nafarroako Gobernuko edozein departamentutan arreta presentziala zein telefono bidezko arreta jasotzean.
- Nafarroako Gobernuko hainbat departamentutatik e-mailak, jakinarazpenak edo gutunak jasotzean.
- Internet bidezko zerbitzuak jasotzean.
- Mediku zein osasungintzako bestelako profesionalekin harremanak izatean.
- Foruzaingo zein larrialdietako zerbitzuak jasotzean.
- Errenta aitorpena zein kontsulta ezberdinak egiterakoan.
- Eta abar luze.
Euskara ezagutu ez arren, egoera salatu nahi duten herritarrak
Era berean, Behatokiak, euskararen ezagutzarik izan ez arren, herritarrei administrazioarekin euskaraz jarduteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea murriztea diskriminatzailea dela adierazten duten herritarren idatziak ere erregistratu ditu. Zerbitzuak gaztelaniaz edo euskaraz jaso nahi dituztenen arteko desberdinkeriak areagotzen dituztela salatu dute. Beraz, euskararen ezagutzarik izan ez arren, zerbitzu publikoak euskaraz gaitzeko neurriak eskatzen dituzten Nafarroako hego zein iparraldeko ehundaka herritarren eskaerak ere jaso eta erregistratu ditu Behatokiak.
Honengatik guztiagatik, Behatokiak eta bertaratutako herritarrek eskatu diote Nafarroako Gobernuari ezarri asmo duen Merezimenduen Dekretuak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko moduko merezimendua ezar diezaiola euskararen ezagutzari.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7an Dekretuaren edukien aurka eta hizkuntza-eskubideen alde antolatuko duen manifestazioaren bat egin du Behatokiak, eta Nafarroa osoko herritarrei dei egin die parte hartzera.