UEMAk eta Behatokiak Nafarroako herritarren arreta eta administrazio eletronikoko izapideak euskaratzea eskatu dute
2022-01-19
Nafarroako administrazioarekin herritarrek egin ditzaketen tramite elektronikoen laurdenak ere ezin dira bideratu euskaraz; udalek eta toki erakundeek egin ditzaketenak, berriz, ez dira %3ra ere iristen.
UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute elkarrekin gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako batzordean. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak eta Aitor Elexpuru UEMAko zuzendaritza batzordekideak eta Berako alkateak nabarmendu dutenez, Nafarroan euskaldunei legez aitortzen zaizkien eskubideak behin eta berriro urratzen zaizkie. Gaur, berariaz, Nafarroako administrazioarekin egin daitezkeen tramite elektronikoak izan dituzte hizpide, datu gordinak agerian utziz: herritarrek 1.434 tramite telematiko egin ditzakete gaur egun, eta horietatik 334 tramitek (%23,29) soilik eskaintzen dute euskaraz egin ahal izateko aukera. Udalek eta toki erakundeek egin ditzaketen tramite telematikoen kasuan askoz larriagoa da egoera, 778 tramite egin baititzakete, eta horietatik 20 baino (%2,57) ezin baitira egin euskaraz. Egoerari konponbidea jartzea eta tramiteak euskaraz egin ahal izango direla bermatzea eskatu diote UEMAk eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari.
Aitor Elexpuruk batzordekideei gogoratu dien moduan, Nafarroako Gobernuko departamentuak bitarteko elektronikoen eta telematikoen alde egiten ari dira, “herritarrekiko zein administrazio ezberdinekiko zerbitzuetan denbora aurrezteko eta administrazioen garapen neurri gisa”. Izan ere, “bide telematikoen erabilerak administrazio eginbeharrak sinplifikatzen ditu eta zerbitzu ezberdinak jasotzeko eta edozein betebehar betetzerakoan erraztasunak eskaintzeko helburua dute. Beraz, erosotasuna, malgutasuna, bizkortasuna eta garai ezberdinetara doitzeko erraztasuna eskaitzen dutela aipatu izan du Nafarroako Goberrnuak”.
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak erakutsi duenez, ordea, errealitatea oso bestelakoa da, eta zeharo urratzen dute foru arauek eta dekretuek hainbat artikulutan zehaztutakoa. Besteak beste, Nafarroako Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoak euskaraz eta gaztelaniaz egoteko beharra. Eskubide urraketa, gainera, ez da nolanahikoa, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aletutako datuen arabera, gaur egun, herritarrek 1.434 tramite elektroniko egin ditzakete Nafarroan, eta horietatik 334 tramitek soilik eskaintzen dute euskaraz egin ahal izateko aukera. Udalei eta toki erakundeei dagokienez, berriz, askoz larriagoa da egoera, egin ditzaketen 778 tramiteetatik 20 baino ezin baitira euskaraz egin. Azkenik, herritarren arretarekiko eskaintzen diren telefono zerbitzuetan ere euskarazko arreta ez dela behar bezala bermatzen nabarmendu du Gaubekak, horiek askotan herritarren osasunarekin eta segurtasunarekin lotutakoak izan arren.
Datu horien atzean dagoen eguneroko errealitatea erakutsi dute Gaubekak eta Elexpuruk gaurko agerraldian, Nafarroako administrazio publikoarekiko harremanetan herritarrek zein udalek dituzten arazoak zehazki zerrendatuz.
Horiek erakutsita, euskara erabili nahi duten herritarrekiko eta udalekiko gutxiespena nabarmena dela eta Nafarroa osora zabaltzen dela adierazi dute, gaur egungo araudiak ezarritakoak ere ez direla bermatzen ikusaraziz talde parlamentarioetako batzordekideei. Amaitzeko, Elexpuruk adierazi duenez “eskubideak bermatzeko beharrezkoa da araudia aldatzea eta lanpostu elebidunak sortzea, eta ez bakarrik legeak ezarritako eremu euskaldunean, jasotzen ditugun zerbitzuek euskararen legeak ezarritako muga horiek zeharkatzen baitituzte”.
Egoera iraultzeko, UEMAk eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bi eskari egin dizkiote Nafarroako Gobernuari: Nafarroako Gobernuaren eta honen erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko tramiteak zein bestelako jarduerak euskaraz egin ahal izango direla bermatzea, eta herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko zerbitzua berdintasunean bermatzeko langile elebidunak ezartzea.