Nafarroako Gobernuak atzera bota ditu ikastetxeetako onartze araudiaren Foru Dekretuari egindako ekarpenak
2021-02-12
Nafarroako ikastetxe publikoetan eta pribatu-itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dituen Foru Dekretuak ez ditu jasoko Behatokiak egindako ekarpenak (ikus hemen). Ondorioz, Behatokiak salatu du Foru Dekretuak ez duela berdintasun eta gertutasun printzipioa beteko.
Honako ekarpenak egin zituen Behatokiak Hezkuntza Departamentuan, urtarrilaren 25ean: alde batetik, gertutasun printzipioari jarraiki, Behatokiak eskatu zuen familiek aukera izan behar dutela nahi duten ikastetxea eta eredu linguistikoa hautatzeko. Egun ez da horrela. Eskola Mapak ikastetxe jakin batzuetara mugatzen du D eredua. Hortaz, Foru Dekretuak aipatzen dituen berdintasun eta gertutasun printzipioak bete nahi badira, ikastetxe guztietara zabaldu behar da D eredua; euskaraz ikasi nahi duena ez dadin beste ikastetxe batera joatera behartuta egon (hori da Mendigorrian orain arte gertatu dena, esaterako).
Bestetik, gurasoek aurrematrikulazioan, telematikoki zein presentzialki egitean, zentro guztietan nahi duten eredua adierazteko aukera izan behar dutela ohartarazi zuen Behatokiak. Eskola Maparen arabera zehazten dira ikastetxeen ereduen eskaintza, eta gurasoek hala aitortutako ikastetxeetan bakarrik dute D eredua nahi dutela adierazteko aukera. Ikastetxea Eskola Mapako D ereduaren eskaintzatik kanpo badago, aldiz, ezin dute aurrematrikulazioan propio hori adierazi, eta D ereduaren aldeko nahi horrek ez du inon islarik.
Azkenik, Hezkuntza Departamentuak atzera bota du behar bereziak dituzten haurren hizkuntza hautuari ere gertutasun printzipioa aplikatzeko Behatokiaren eskaria. Berariaz kontuan hartu behar dira ikasle hauen hizkuntza eskakizuna eta behar espezikoak. Eragin bizia dute euren ongizatean eta heziketan. Baita berdintasun printzipioan ere.
Ekapen horiek atzera botata, beraz, Behatokiak uste du nekez bete ahalko direla Foru Dekretuak jasotzen dituen berdintasun eta gertutasun printzipioak. Izan ere, hizkuntza eskakizunak berariaz jaso gabe, euskaraz ikasi nahi dute ikasleek bermetik gabe jarraituko dute.
Gainera, deigarria da Nafarroako Gobernuak Mendigorriarentzat Eskola Mapa aldatzea onartu bai, baina gainontzeko ikastetxeetan ez duela inolako aldaketarik egin. Mendigorriko gurasoentzat traba izan ziren irizpideek indarrean jarraituko dute, hortaz, eta Eskola Mapak jarraituko du ikasleen hizkuntza eskubideentzako langa izaten.
Azkenik, Behatokiak salatu nahi du ekarpenak euskaraz eginatik ere, Nafarroako Gobernuaren erantzuna gazteleraz jaso duela.
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04