“Nafarroako Gobernuari ausardia eskatu nahi diogu justizia, berdintasuna eta kohesioa daudelako jokoan”
2019-10-11
“Justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egiten dien epaia izan da”; horrela adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, euskalgintzako hainbat eragilerekin batera: Xabi Martinez de Lezea (IKA), Begoña Muñoz (Nafarroako Ikastolen Elkartea), Agurne Gaubeka (Hizkuntzaren Behatokia) eta Xabi Garcia (AEK). Epaiari erantzuteko, urriaren 19an elkarretaratzea antolatu dute, eguerdiko hamabietan, Gobernuaren egoitzaren aurrean.
Lehenik eta behin, Kontseiluko eledunak gogora ekarri nahi izan du egun indarrean dagoen marko juridikoak, eta, bereziki Euskararen Legeak, ahalbidetu duela halako epaia: “Duela urte bat Nafarroako Parlamentuko batzorde berezian jakinarazi genien alderdiei horrelakorik gerta zitekeela. Izan ere, herritarrei eskubideen aitortza desberdina egiten bazaie, zailagoa da instituzioei eskubideak bermatzeko neurriak exijitzea”.
Bigarrenik, Kontseiluko ordezkariak adierazi du ulertezina dela helegitea tarteratu duen eragilearen jarrera. “Euskararen aldeko neurri guztiak jarri dituzte auzitan. Epaileek berek ohartarazi diote ikuspegi juridikoaz haratago, ikuspegi eta arrazoinamendu politikoak erabili nahi izan dituztela. Izan ere, zein lotura dauka errotulazioa edo inprimakiak ele bietan egoteak langileen eskubideekin? Oso kezkagarria da garai ilunetako euskara ez ikusteko balizko eskubidea berpiztu izana”, gaitzetsi du Bilbaok.
Ondoren, Kontseiluko eledunak azaldu du epai murritza izan arren, debekurik ez duela ezartzen eta, beraz, ausardia eskatu dio Gobernuari beste garai bateko “hizkuntza-politika ilunetara” ez itzultzeko. “Epaiak dioen bezala, ahal terminoaren alde positiboa ulertu behar dute instituzioek; hortaz, legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean neurriak hartzen jarraitu ahal dute, langileen euskara-gaitasunak baloratzen zein euskararen erabilera orokortuan. Iruñeko alkateak aurreratu du epaiaren irakurketa murritza aplikatuko duela; Gobernuak berdin jokatuko du?” galdetu du Bilbaok. Horrekin batera, Kontseiluko eledunak Gobernuari koherentziaz jokatzeko eskatu dio, bai eta kasazio-helegitea tarteratzeko ere.
Hartara, epaiaren eta Gobernuak egingo dituen urratsen berri emango dio Kontseiluak Europako Kontseiluari: “Eurogutunak ezarritakoaren kontra doa eta bertako konpromisoak ez betetzea litzateke epaiaren irakurketa murritza egitea”, azaldu du.
Azkenik, Bilbaok mobilizaziorako deia egin du: “Haserre gaude, bai, oso haserre, baina orain Gobernuari ausardiaz joka dezala eskatzeko unea da. Justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak egin eta ausardia izan dezala eskatzeko bilduko gara urriaren 19an, larunbatarekin, eguerdiko hamabietan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean” iragarri du Kontseiluko ordezkariak.
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04