Nafarroan hizkuntza irizpideak falta dira

2021-10-12

Card image cap

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Sortzen elkarteak eta ikastetxe publiko ezberdinetako gurasoek haurren hizkuntza-eskubideekiko eskaera erregistratu dute Hezkuntza Departamentuan, hezkuntza zerbitzuen parte diren garraio zein bestelako azpikontratatutako zerbitzuetan euskara kontuan hartzea eskatzeko

Izan ere, ikastetxe publikoetako zenbait zerbitzutan D ereduko ikasleekiko begirune eza salatzen dute gurasoek. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren hitzetan, «esaterako, garraio zerbitzuan esleipenetan ez da ezartzen hizkuntza irizpiderik, eta haurrek euskaraz bizi eta eskolan euskaraz ikasten duten arren, zaintzaileek askotan ez dute euskararen inolako ezagutzarik izaten». Nafarroa osoan gertatzen den bidegabekeria horrek, nola ez, haurren hizkuntza-eskubideak zuzenean kaltetzen ditu eta, Behatokiak adierazi duen bezala, «beraien segurtasuna eta ongizatea bermatze aldera ere, nahitaezkoa deritzogu zerbitzu hauetan euskara menperatzen duten profesionalak daudela ziurtatzeari». «Finean, hizkuntza-irizpideak kontuan hartzeaz ari garenean, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeaz ari gara», gaineratu du. 


Herritarren eskubideak bermatzeari begira, beharrezkoa da kontratu publiko guztietan hizkuntza-irizpideak txertatzea. Ikasleen kasuan, hezkuntza proiektua tartean egonik, garrantzi berezia hartzen du euskaraz ikasten duten haurrei bideratutako zerbitzuetan eskaintza integrala euskaraz bermatzeak. Behatokiak aldarrikatu bezala, «kontratu publikoetan hizkuntza-irizpideak kontuan hartuko balira, haurrek euskara erabili ahal izateko aukera eta espazioak sortuko genituzke eskola garraioa bezalako zerbitzuetan». Horrela, haurren eskubideak zein zerbitzuaren egokitasuna bermatuko lirateke. 


Horregatik guztiagatik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Sortzen elkarteak eta ikastetxe publiko ezberdinetako gurasoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote Hezkuntza Departamentuak haur eta gaztetxoei eskainitako zerbitzu guztietan beraien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten neurriak har ditzala, azpikontratatzen diren zerbitzuetan ere euskarazko zerbitzua eskaini ahalko dela ziurtatzeko. Era berean, ezinbestekoa deritzote Nafarroako Gobernuak haur eta gazteen aisiarako azpikontratatzen diren eskaintza guztietan ere euskarazko zerbitzua emango dela ziurtatzeko neurriak hartzeari.