RENFEren segurtasun pribatuko agenteak hizkuntza eskubideen aurka egindako eraso larria salatu du Behatokiak

2025-03-06

Card image cap

Astelehen goizaldean, Tolosako RENFEren geltokian segurtasun pribatuko agente batek gazte bat erasotu zuen euskaraz aritzea eskatzeagatik. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak erabat gaitzesten ditu gertakariak, eta babes osoa adierazi dio bortizki erasotutako gazteari.

Baina ez da kasu isolatua. Izan ere, 2023ko otsailean Tolosako Renferen geltokian herritar batek euskaraz hitz egiteagatik segurtasun agente batek jarrera oldarkor eta mespretxuskoaz tratatu zuela salatu zuen beste herritar batek. Orduko horretan ere RENFEren aldirietako gerentziatik entzungor egin zioten Behatokiaren ohartarazpen eta eskarei.

Behatokiak gogorazi du Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunaren arabera, Espainiar Estatuko administrazio eta erakunde publikoek Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen dituzten zerbitzuetan euskararen erabilera bermatzeko tresnak eta baliabideak ezartzeko betebeharra dutela. Eta hala adierazi zitzaien Europako Kontseilutik berriki emandako 6. ebaluazioko gomendioetan. Beraz, RENFEk eskaintzen dituen zerbitzuetan euskarazko informazioa eta euskararen presentzia bermatzeko bitartekoak ezartzeko betebeharra du.

Segurtasun zerbitzuak azpikontratatuak izan arren, enpresa publikoak egiten dituen kontratazio eta eskaintzen den zerbitzuarekiko ardura eta ezartzen diren irizpideak kontrolatzeko betebeharra izan beharko luke RENFEk. Tamalez, Estatuko administrazioetatik langileei ez zaie eskatzen euskararen nahitaezko ezagutzarik, are gutxiago azpikontratatutako enpresei, gertatutakoa bezalako egoerak posible eginez. Ondorioz, euskara bezalako gutxitutako hizkuntzen errespetua eta aitortzarekiko ez dira behar bezalako neurriak hartzen.

Euskaraz bizi nahi duten herritarren aurkako erasoek forma asko hartzen dituzte. Kasu honetan bezala, indarkeria fisikoa azkenaldian erakusten diren bestelako indarkeria eta oldarraldi diskurtsibo, politiko eta juridikoen jarraipena dira. Administrazio eta arduradun publikoei exijitzen diegu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zorrotz eta ausartagoak har ditzatela, eta gizarte eragile eta herritar guztiei hizkuntza eskubideen defentsarekiko jarrera proaktiboa izatea.

Azkenik, hizkuntza eskubideen urraketarik jasan duten pertsonak Euskararen Telefonoa (www.euskararentelefonoa.eus) doako zerbitzuaren bidez salatzera animatzen ditugu.