"Udalak nirekin euskaraz" kanpaina aurkeztu dugu
2022-11-21
Gaur, “Udalak nirekin euskaraz” kanpaina aurkeztu nahi dugulako bildu gara LABA espazio honetan. Hemen gaude Iruñeko euskalgintza osatzen dugun kolektiboak (AEK, AET, ELA, Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, STEILAS, Zaldiko Maldiko) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia.
Kanpainaren helburuak:
Iruñean ere hasiera eman zaio Euskaraldiari, eta horri lotuta, euskararen erabileraren inguruko ariketa kolektiboa egiteaz gain, erakutsi nahi dugu administrazioekin dugun harremanetan erabilera hori nola dagoen mugatua. Izan ere, Iruñeko Udalak hizkuntza eskubideen kontra hartutako erabakiak horren adierazgarri ditugu.
Hiriko euskararen ordenantzan bertan, euskara ez da gaztelaniaren pare ezartzen, Udalaren egunerokotasunean euskara bigarren planora zokoratzen dute, ez dira zerbitzuak euskaraz berdintasunean bermatzen, euskarazko berri gutxiago zabaltzen dira, aisia eta kultur eskaintzetan euskarazko aukerarik ia ez dugu, udalaren argitalpen eta euskarrietan ia ez da euskarazko alerik argitaratzen, Udalaren ekitaldi eta jarduera publikoetan euskarari ia ez zaio presentziarik eskaintzen… Horiek guztiak adibideak baino ez dira, eta atzean ez dago euskararekiko jarrera kontua soilik, euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko gutxiespena baizik. Hiriaren berezko hizkuntza da euskara, eta, beraz, Udalak euskararen presentzia berdintasunean bermatzeak, gutxitutako hizkuntza sustatzearekin batera, herritarrek euskara eroso erabili ahal izatea ziurtatuko luke.
Oso erraza da egingo dugun ariketa, herritarrei ondokoa eskatuko diegu: Iruñeko Udalaren aldetik azken urtean pairatu edo jaso dituzten hizkuntza eskubideen urraketa guztiak jaso nahi ditugu.
Baina, zertaz ari gara hizkuntza eskubideen urraketa esaten dugunean? Ba adibidez:
- Udaleko telefono batera deitu, eta euskaraz artatzea nahi badugu, beranduago deitzeko erantzun digute edo departamentu horretan gaztelaniaz egin beharko dugula.
- Udalaren ekitaldi batera joan gara ,eta dena edo ia dena gaztelaniaz izan da.
- Udalaren iragarki bakarren bat ikusi dugu euskaraz, beste guztiak gaztelaniaz daude.
- Udalaren jakinarazpen edo gutun bat heldu zaigu, dena gaztelania hutsean.
- Udalaren aisiarako eskaintzan euskarazkoa askoz urriagoa da, edo ikastaro baten apuntatu gara baina esan digute gaztelaniaz baino ez dela egingo.
Horiek guztiak, gaurtik hasi eta urtarrilaren 31 bitarte jasoko ditugu, eta horretarako herritarrek ondoko bideak izango dituzte:
- Emailez: telefonoa@behatokia.eus helbidera helaraztea.
- Whatsapp-ez: 623 363 811 zenbakira.
- 948 14 61 72 telefonora deituz.
- Sare sozialetatik ere jasoko ditugu, Twiterren IruñekoEuskalgintza etiketatuaz edo #UdalakNirekinEuskaraz traola aipatuaz.
Nola ez, dokumentuak, argazkiak… bideratu ahal izango dizkigute herritarrek, eta urraketaren berri ematerakoan ahalik eta daturik zehatzenak ematea eskertuko genuke: noiz izan zen, Iruñeko zein tokitan edo zein telefonotan, etab.
Administrazio publiko zein erakundeetatik ezin da euskararen alde eta euskara errespetatzen dela esan, gero, egunerokotasunean, euskaraz bizi ahal izateko neurrien kontra egin edo hizkuntza eskubideak bermatzeko neurririk hartzen ez bada.
Urtarrilaren 31 arte jasoko ditugun urraketa guztiak Hizkuntz Eskubideen Behatokira ere helaraziko ditugu, txosten berezitu batean Iruñeko Udalean gertatutako egoerak jasota utzi eta Udaleko arduradunei aurkeztu zein Euskal Herriko irakurketaren barne txertatzeko.
Herritarrek administrazio publikoekin euskara erabiltzeko pausua eman dezaten eta ahaldundu daitezen eskatzen diegu, eta pairatzen dituzten egoerak azaleratzen jarraitu beharko dugula adierazi nahi dugu.
Azkenik, dei egiten diegu Iruñeko elkarte zein eragile sozialei, beraiek ere, kanpainan parte hartu, eta Udalari herritarren zein elkarteen hizkuntza eskubideak berdintasunean bermatzea eska diezaioten.