“Urrats garrantzitsu bat eman den arren, oraindik urrun dago familia guztien euskarazko hautua bermatzea”

2016-03-08

Nafarroako Parlamentuan, Iruñeko Euskalgintzako ordezkari batekin eta euren seme-alabak haur eskoletara bidaltzen dituzten bi amekin batera egindako agerraldian, haur eskoletan legeak euskaraz eskolatzeko eskubidea aitortzen duela adierazi du Garbiñe Petriati, Behatokiko zuzendariak.

Nafarroako Parlamentuan gaur goizean eginiko agerraldian azken urteotan haur eskoletan izandako eskaintzaren bilakaeraren berri eman du Maite Indak, Iruñeko Euskalgintzako ordezkariak. Ondoren, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren menpe dauden haur eskoletara euren seme-alabak igortzen dituzten Edurne Elso eta Xaloa Basabe amen esperientziak entzuteko parada izan da; eskaintza faltak egunerokoan eragiten dizkien oztopoak eta berriki Iruñeko Udalak hartutako erabakiaren aurrean sortutako erreakzioak nola bizi izan dituzten.

Horien aurrean, Garbiñe Petriati, Behatokiko zuzendariak garbi adierazi du “legeak 0-3 zikloan haurrak dituzten familiek eurek nahi duten hizkuntzan eskolatzeko eskubidea aitortzen du” eta horrela ageri dela hainbat araubideetan. Nafarroako Gobernuari dagokionez: Euskarari Buruzko 18/1986 Foru Legean, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoan. Eta Iruñeko Udalaren menpe diren haur eskolei dagokienez: Iruñeko Haur Eskolen Estatutuetan eta Iruñeko Udalaren Esparruan Euskararen Erabilpena eta Sustapena Arautzen duen Ordenantzan.

Tokiko lege horietaz gain, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunean ere aitortzen da eskolaurreko hezkuntza eremu urriko hizkuntzetan bermatu behar dela.

Horrela bada, legeak aitortzen duen eskubide hori bermatu dezatela eskatu die Iruñeko Udala zein Nafarroako Gobernuari, izan ere “urrats garrantzitsu bat eman den arren, oraindik urrun dago familia guztien euskarazko hautua bermatzea” gaineratu du Petriatik.