Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!
2023-02-21
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Aurrematrikulazio epea martxoaren 6tik 17ra izango dela jakinarazi berri du.
Eta, urtero bezala, iritsi da aurten ere belaunaldi berriei begira erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia, izan ere, Aurrematrikulazio garaia familiek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko unea da. Eta zalantzarik gabe, hizkuntzaren hautuak berebiziko garrantzia hartzen du erabaki horretan.
Oraindik ere, Nafarroako herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Hizkuntza eskubideen urraketak ez dauka etenik gure lurralde zabalean. Hortxe daukagu, Mañeru zonalde mistoan sartzeko eskaeraren inguruan legebiltzarrean hartutako erabakia, herritarren gehiengoaren nahiari muzin egin diote, eta gainera, Lehen hezkuntzako haur gehienen familiek euskaraz ikasteko hautua egin dute, %64 D ereduan eta % 36 A ereduan, ez du inork gaztelera hutsezko hauturik egin. Erabaki horrek, berriz ere atea itxi dio euskarari Mañerun eta agerian jarri du zonifikazioak ez daukala inongo oinarri soziolinguistikorik eta euskarak ofizialtasuna behar duela bere lurralde osoan.
Azken urteotan, euskalgintza eta hezkuntza komunitatea elkarlanean ari gara Nafarroan euskarak bere tokia izan dezan. Aurten ere, Nafarroako Euskalgintza osatzen dugun hainbat eragile euskararen alde dei bateratu bat egiteko elkartu gara. Horretarako “Zerotik aurrera aukeratu EUSKARA!” kanpaina burutuko dugu hurrengo asteetan zehar. Bi asteetan zehar sare sozialetan irudi ezberdinak igoko dira egunero, eragile bakoitzak proposatutako D ereduaren aldeko esaldiekin. Irudi guztiek mosaiko moduko bat eratuko dute marrazki bat osatuz, euskalgintzaren batasuna eta euskarak batzen gaituela irudikatuz. Kanpaina honetako irudia haur baten silueta da, euskara txikitatik belarritik sartzen dela eta ahotik ateratzen dela adierazten duenak.
Kanpaina honekin, euskarazko irakaskuntzaren aldeko deia luzatu nahi diegu haurrak eskolatze adinean dituzten familia guztiei. Euskararen aldeko hautuak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe, eleaniztasunerantz urratsak emateko aukerak zabaltzen baitizkigu. Horrekin batera, Aniztasunari, elkarbizitzari eta etorkizunari ateak irekitzeko hautua da euskara.
Euskararen alde bat egiteko garaia da. Gure herriaren etorkizuna euskaraz eraiki nahi dugu.
Kanpainaren sinatzaileak: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Sortzen Elkartea, NIZE, HE Gurasoak, LAB, ELA, STEILAS, AEK, IKA, Zonalde Diskriminatutako Gurasoak, Zaldiko Maldiko eta AET.