20 urte igaro arren, Nafarroako lan-postu publikoetan hizkuntza eskubideak bazterrean uzten jarraitzea salatu du Behatokiak
2021-06-29
Pasa den larunbatean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 20 urte bete zituen. Bi hamarkada komunitateak beharrezko duen eskubideen defentsarako tresna bat eskainiz; bi hamarkada eskubideen parametroa hizkuntza-politiketan kokatuz. Eta ibilbidearen hasieran bertan, 2001eko udan, Behatokiak gora jotzeko errekurtsoak aurkeztu zituen Nafarroako Gobernuko deialdi ezberdinetan merezimenduen atalean euskara baloratzen ez zela argudiatuaz, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteak bakoitzak 2 puntu eskaintzen zituen bitartean. Bada, gaur goizean Agurne Gaubeka Erauskinek, Behatokiko zuzendariak, eta Paul Bilbao Sarriak, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakariak, Nafarroako lan-postu publikoak izan dituzte hizpide Iruñean egindako agerraldian.
Lan-postuetan ezagutza, eskubideak bermatzeko funtsezkoa
Kontseiluko eledunak hartu du hitza agerraldiaren hasieran, eta administrazio publikoetan euskararen ezagutzak duen garrantzian jarri nahi izan du azpimarra, herritarrek administrazioarekin euskaraz harremana izateko «funtsezko neurria» delako lan-postu publikoetan hizkuntza eskakizunak izatea. Hartara, Behatokiak 20 urte egin dituela probestuz, beharrezkoa iruditu zaio orduko kezkak gaur egun berresten direla mahai gaineratzea: «Duela 20 urte salatzen genituen kasuen adibide berberak erreproduzitu dira. Euskararen ezagutzak nahitaezko eskakizuna izatetik urrun, puntuaziorik ere ez zuen eskaintzen eta legeak ezarritako eremu ez euskaldunean, eremu mistoko lan-postuen deialdietan ere ikusi izan ditugu azkenaldian».
Bilbao argi mintzatu da: azken urtean ehunka lan-postu bete dira Nafarroan euskara puntuatu ere egin gabe. «Duela 20 urte Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politika inbolutiboa aplikatzen zuen bete-betean, gaur lanpostu publikoei dagokienez, antzeko egoeran gaude», azaldu du Bilbaok.
Azken urtean, okerrera
Behatokiko zuzendariak eman dio segida lehendakariaren hitzartzeari, eta adibide zehatzetara jauzi egin aurretik, egoera makurra izan du mintzagai. Gaubekaren hitzetan, «103/2017 Foru Dekretuaren artikulu batzuk baliogabetu zituztenetik okerrera egin du egoerak». Izan ere, «Nafarroako Kontseiluak legeak ezarritako eremu mistoan euskara baloratzea legezkoa zela iradoki arren, euskara jakin gabe eta puntuatu ere egin gabe, lan-postu publikoak eskuratu ahal izateko deialdiak egiten jarraitu du Gobernuak», gehitu du.
Horren adibide dira, besteak beste, azken urtebetean ogasuneko kudeatzaile, ikertzaile eta teknikarietan, liburutegi arduradunetan, suhiltzaile eta suhiltzaile kaboetan, Nafarroako Unibertsitateko Publikoko lan-postuetan edota Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoetan egindako lan-deialdi publikoak. Honek guztiak ondorio argi bat du Behatokiko zuzendariaren hitzetan: «Langile publiko horiek guztiek herritarrei zerbitzuak emango dizkieten profesionalak izango direla kontuan izanda, Nafarroako Gobernuko hainbat departamendu edo ataletan ezingo da herritarrek zerbitzuak euskaraz inongo albo-kalte gabe jasotzea ahalbidetu». Are gehiago, gaur egun eskakizunik ez jartzeak etorkizunean ere izango du eragina, Gaubekak adierazi duenez, «etorkizuneko herritarren hizkuntza-eskubideak ere erabat baldintzatzen baitira».
Behatokiko arduradunak, halaber, Osasunbideako lan-postuetan jarri nahi izan du azpimarra. Beste hainbat deialdiren artean, lehen mailako arreta eta larrialdietako medikuetan, fakultatiboko espezialistetan zein psikologo klinikoetan ez dira hizkuntza eskakizunak ezarri; ondorioz, «ezinezkoa da osasun arreta egokia eta herritarren osasuna behar bezala bermatzea». «Euskarak puntuak ematea bakarrik ez, euskarak eskakizuna beharko luke izan Osasunbideako zerbitzu guztietan eta Nafarroa osoan». Kontuan izan behar da gainera, zerbitzu zentralak, ospitaleak… legeak ezarritako eremu mistoan kokatuak daudela, eta, ondorioz, Nafarroako Gobernuak euskarazko zerbitzuak eremuka banatzeak, Nafarroako herritar guztien eskubideak kaltetzen dituela.
Hiru irakurketa dekretu berriaz
Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretu berriaren inguruko filtrazioak ere izan ditu hizpide Gaubekak. Zuzendariaren arabera, euskarak ez luke legeak ezarritako eremu ez euskaldunean puntuatuko, eta eremu mistoari dagokionez, herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen dieten lan-postuetan eta Osasunbideako fakultatibo lan-postuekiko soilik izango litzateke puntuagarria. Nafarroako Gobernuko lehendakariak berak, halaber, argi adierazi du ez duela legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskara kontuan hartuko, nahiz eta Nafarroako Kontseiluak (Foru Erkidegoko organo aholku emaile gorenak) berak euskara Nafarroako lurralde osoan atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu behar dela adierazi.
Hiru irakurketa egin ditu Behatokiko zuzendariak dekretu berriaren oinarri horien baitan. Lehenik, herritarren eskubideak efikaziaz bermatzeko nahitaezko ezagutza ezarri ordez, «puntuatu ere nahi ez izateak administrazioarekiko harremanetan bertoko hizkuntza erabili nahi duten pertsonak bazterrean uztea» dakarrela. Bigarrenik, dekretu honek zerbitzua kokatzen den eremuaren arabera eta herritarra bizi den eremuaren arabera, «Nafarren arteko bereizkeria eta bazterkeria sustatuko dituela». Eta azkenik, eremu mistoan, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu gehienak eskaintzen diren eremuan, lan-postu batzuetan soilik euskara puntuagarri ezartzea «iruzurra egitea» dela herritarren hizkuntza eskubideen bermearekiko. Izan ere, Gaubekak adierazi duenez «euskarari deialdi batzuetan puntuazioa eman arren, euskara jakin gabe ere ia puntuazio berbera lortu ahal izango da».
Justizia eta berdintasuna
Etorkizun hurbilera begira jarrita, ezinbestekotzat jo du Behatokiko zuzendariak euskarari Nafarroa osoko hizkuntza bezala aitortza egitea eta eremu guztietara zabaltzea. Eta horretarako, Gaubekaren hitzetan, «nahitaezkoa da Gobernuko administrazioak berak eskaintzen dituen zerbitzuetatik hastea». Izan ere, «errealitate soziolinguistikoa deritzona justizia eta berdintasun printzipioetatik eraiki behar da, euskara gutxiago duenari ateak zabalduaz, aukerak biderkatuaz eta oztopoak gainditzeko tresnak eskainiaz», eta ez gaur egungo balizko “errealitatean” oinarrituz, «denok baitakigu egungo balizko errealitate hori hamarkadetan euskararen biziraupen eta biziberritzearen kontra emandako erabaki eta eszenatokiek baldintzatu dutela».
Manifestazioa ostiralean
Agerraldiaren amaieran Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du berriz hitza, eta Agurne Gaubekak egindako irakurketa osatuz, datorren ostiralean egingo den manifestaziorako deialdia egin nahi izan du: «Kalera ateratzeko unea da. Eskubide-murrizketarik onartuko ez dugula salatzeko kalera atera behar dugu. Justizia, berdintasuna eta kohesioa ardatz izango dituen gizartearen alde eta herritar guztiei hizkuntza-eskubideak bermatuko diren araugintza eraginkorraren alde, uztailaren 2an kalean izanen gara». Manifestazioa arratsaldeko 18.30ean Iruñeko Baluarteko Plazan hasiko da.
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04