Europako Kontseiluak azpimarratu du euskararen erabilera bermatu behar dela osasun eta justizia arloetan

2024-09-24

Card image cap

2023ko abuztuan, Espainiako Gobernuak 2017-2021 epealdian Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunaren (Eurogutuna) aplikazioarekiko emandako pauso edo hartutako neurriak azaltzeko txostena helarazi zuen.

Gaur, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Eurogutunaren 6. Ebaluazioarekiko gomendioak argitaratu dituzte, Espainiako Gobernuak bidalitako txostena eta hizkuntza bakoitzeko gizarte eragileek egindako irakurketa eta gomendioak aintzat hartuz eta kontrastatuaz.

Aurretik bete gabeko konpromisoak eta lege babes falta

2023ko irailean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroako eta EAEko egoeraren zein Turtzioz eta Trebiñuren egoerarekiko irakurketa-txosten propioa helarazi zioten Europako Adituen Batzordeari, bai Espainiako Gobernuak aipatu zituenekiko irakurketa eginez zein gomendioak azalduaz.

Era berean, bilera ezberdinak egin zituzten Europako adituekin, helarazitako txostenean adierazitakoak zein Euskal Herrian hizkuntza-eskubideek zuten egoera hobe azaltzeko.

Bi eragileek lege babes falta, aurretik bete gabeko konpromisoak eta neurri zehatzak bultzatzeko beharra salatu dituzte, bai Espainiako Estatuko administrazioak, zein EAEko eta Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioei dagokienean.

Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak euskararekiko emandako gomendio garrantzitsuenen artean daude:

  • EAEn zein Nafarroako Foru Erkidegoan prozedimendu judizialak, aldeetako batek hala eskatuaz gero, euskaraz egin ahal daitezen bermatzeko araudia ezartzea. Baita bestelako neurriak hartzea, adibidez, dokumentazioa ere euskaraz jaso ahal izate. Honen inguruan adierazgarria da, hilabete honetan bertan, Behatokiaren “Euskararen Telefonoa” zerbitzuan herritar batek erregistratutako kexa:

“Demandatu gisa dihardut hitzezko juizio batean. Apirilean aurkeztu nion demandari erantzun idatzia. Euskaraz. Hara zer dioen Azpeitiako Lehen Auzialdiko eta Instruzioko 1 zenbakiko Epaileak: "VISTO EL ESTADO DE LAS ACTUACIONES, CONSTANDO LA CONTESTACIÓN A LA DEMANDA UNIDA EN AUTOS EN IDIOMA EUSKERA, SE REQUIERE POR PLAZO DE 5 DÍAS A LA PARTE DEMANDADA PARA PRESENTE EL PRECITADO ESCRITO EN CASTELLANO".

  • Estatuko administrazioek Autonomia Erkidegoetan eskaintzen dituzten zerbitzuak euskaraz jaso ahal izateko neurriak hartzea.
  • EAEn zein Nafarroako Foru Erkidegoan neurriak hartzea, batik bat osasun eta gizarte zerbitzuetan euskararen erabilera errazteko.
  • Garrantzia berezia ematen zaie Nafarroarako egiten diren gomendioei. Izan ere, 18/1986 Euskararen Legea izendatutakoak eta horretan oinarritutako araudi guztiek Nafarroako biztanle guztien hizkuntza-eskubideak eta berdintasuna nabarmenki kaltetzen dituztela ohartarazten du Europako Kontseiluak, baita euskara ofiziala den eremuko biztanleenak ere.
  • Nafarroako Foru Erkidegoan zonifikazioak euskararen erabilerarekiko sortzen dituen oztopoak ezabatzea.

Horiez harago, garrantzitsuak diren bestelako gomendio eta hausnarketak ere egin ditu Europako Kontseiluak:

  • Administrazio publikoetan euskararen ezagutza duten profesional kopurua oraindik urria dela aitortzea eta neurriak hartzea, baita zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresekiko ere. Nafarroako zein Estatuko administrazioen kasuak bereziki nabarmentzen ditu txostenak.
  • Estatuko Boletin Ofiziala euskaraz ere izatea.
  • ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izatea.

Gainera, aurten lehen aldiz, Europatik informazioa eskatu diote Espainiako Estatuari Kontseiluak eta Behatokiak beraien txostenean berariaz aipatu zituzten Trebiñu bezalako eremuetan. Gainera, Trebiñuren kasuan, Gaztela eta Leongo administrazioekin batera euskararen irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzea gomendatu dio Espainiako Gobernuari.

Ohartarazpen irmoak administrazio ezberdinei

Azkenik, Kontseilua eta Behatokia pozik agertu dira Europatik egin diren ohartarazpen eta gomendiok irmoak direla ikusita. Baina gomendio horiek bete eta aplikatzeko neurriak egunerokoan praktikan jarri behar dituzte administrazio ezberdinek: euskararen ofizialtasuna lurralde osoan aldarrikatzea, hizkuntza-eskubideak bermatzeko araudiak garatzea, zein administrazio guztietan behingoz euskararen normalizazio eta berdintasuna ezartzea. Izan ere, Europako Kontseilutik ematen diren Eurogutunaren aplikazioarekiko gomendioez harago ere asko dago egiteke.