Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere aldarrikatuko du euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan
2018-10-25
Kontseiluak larunbatean Iruñean antolatu duen mobilizaziora joateko deia egin nahi du Behatokiak. Behingoz, Euskara ofiziala Nafarroa osoan lelopean egingo da aldarrikapena.
Nafarroan zabaldu den egoera probestu eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen Lege berria bultzatzeko unea da. Garbiñe Petriati zuzendariaren hitzetan, “orain da unea, badago abagune bat egoera gainditu eta nafar guztiak parez pare, berdin tratatzeko aukera emango duena. Euskal hizkuntzei hizkuntza-eskubide berberak aitortuko dizkion Legea”.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 2001ean sortu zenetik, herritarren aldetik jaso dituen bizipenetan oinarrituta, Petriatiren esanetan, “eskubide urraketak denetarikoak dira, idatzizkoak, hizkuntza-paisaiarekin, osasun asistentziarekin zerikusia dutenak... “
Mobilizazioaren testuinguruan hainbat herritarrekin (Alizia Iribarren Andueza, Tutera; Aroa Cia Martiarena, Lekunberri eta Idoia Sobrino Lopez, Baztan) egindako elkarrizketan, kontatu diote Behatokiaren zer sentitzen duten euskaraz bizitzeko ahalegina egin eta oztopoak jartzen zaizkienean: “amorru; inpotentzia; bigarren, hirugarren edo laugarren mailako herritarrak” bezala sentitzen dira. Gainerako nafarrak bezalakoa izanda ere, hizkuntzari lotutako gaietan desberdin tratatuak sentitzen dira. Maiz, maizegi, “tonu desegokian eta harrokeriaz jasotako erantzunak entzun behar ditugu”.
Behatokiak askotan jaso du administrazioetatik heldutako erantzunetan, ez dela Legea urratzen. Eremu mistoan ez direla zertan itzuliak bidali edota eremu euskaldunean ez dagoelako, ez dela zertan ezer euskaraz jakinarazi behar.
Lege hori bera da traba hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Administrazioek beraiek jarri dute aitzakia Lege hori bera hizkuntza-eskubideak urratzea.