[Iritzia] Langile elebidunak dira hizkuntza-eskubideen babeserako bermea
2017-07-10
Osasungintzaren gaiari heldu zion Garbiñe Petriatik Info 7 irratiko Gureaz blai saioko martxoko kolaborazioan. Egiten ari garen bilduman hau duzue hurrengoa.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren barruan Osakidetzak kanpaina bat abiatu zuen herritarrei hizkuntza hautatzeko aukera dutela jakinarazteko.
Eta Osakidetzak berak pasa den astean emandako datuen arabera, ia 134.000 pertsonak hautatu dute dagoeneko euskara Osakidetzan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntza [Ondoren datua aldatu da: uztaila hasieran 160.000 dira].
Iruñeko Errotxapea auzoan “Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimena jarri zuten martxan duela hilabete batzuk, osasun etxean zerbitzua euskaraz bermatuko duten profesionalak eskatzeko. Jende kateak, osasun zerbitzuetako arduradunekin bilerak... eta beste hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Berriki sinadura bilketa abiatu dute.
Orain arte konpartitu duten pediatra beste zentro batera mugituko dela eta, haren ordez helduko dena euskalduna izatea eta horrela pediatria zerbitzua euskaraz bermatzea eskatu diote Osasunbideari Leitza aldeko 8 herritako udalek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.
Lehenago ere, orain dela bi urte, pediatra euskalduna izateko eskaera egin zioten herri horietako 171 familiek.
Horrela, osasun zerbitzua euskaraz jaso nahi dutela erakusten ari dira euskaldunak han eta hemen.
Eta herritarrek eginiko hizkuntza hautua errespetatzeko eta administrazioaren beraren funtzionamendua euskalduntzeko, beste batzuen artean, elementu nagusienetakoa eta klabea da osasun arloko profesionalak euskaldunak izatea.
Baina, osasun zerbitzuetako kontratazioetan euskara jakitea beharrezko elementu izan ordez, merezimendu baino ez da euskararen ezagutza deialdi askotan. Esaterako Nafarroako Gobernuak pasa den hilabetean pediatrak, psikologoak eta espezialistak kontratatzeko lan deialdietan.
Eta diot nik, euskara ez dakiten profesionalak kontratatzen badira nola bermatuko dute administrazioek herritarrek egindako hizkuntza hautua?
Kontratazio politiketan orain arte egindakoak utzi digun esperientziak eta hartutako neurriek erakutsi digute ez direla nahikoa euskara zerbitzu hizkuntza izateko ez ezik, ohiko lan hizkuntza izatera heltzeko.
Kontratazioak eta lan deialdiak administrazioaren berritze prozesu bat dira. Hor sartuko den jendea, segur aski, epe luzerako sartuko da. Ez dauka zentzurik euskara jakitea eskatu ez eta gerora pertsona horiek euskalduntzen inbertsio handia egin behar izateak.
Hemendik aurrera berdin jokatu eta neurri edo irizpide berririk hartzen ez bada, euskal hiztunen hizkuntza-eskubideen bermea hipotekatu eta urraketa egoera betikotzeko arriskua handia da.
Osakidetzako eta Osasunbideako milaka langilek erretiroa hartuko dute datozen urtetan. Urte klabeak izango dira hurrengoak eta inflexio puntua behar da administrazioen kontratazio politiketan.
Langile elebidunak izateak ez du inongo mehatxurik sortzen edo suposatzen inorendako. Ez du inoren hizkuntza hautua arriskuan jartzen. Objetiboki ez du inorendako galerarik ekartzen. Baina langile elebakarrak kontratatzeak arriskuan jartzen ditu herritarren parte handi baten hizkuntza-eskubideak.
Info 7 irratiko Gureaz blai saiorako martxoan egindako kolaborazioa
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05