[Iritzia] Zenbat Mendigorria gehiago?

2021-02-06

Card image cap

Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria 

Nafarroan Euskararen Legeak ezartzen dituen muga, injustizia eta kohesio ezaren adibide garbia da Mendigorriko D ereduarekin gertatutakoa. Nafarroan euskaraz ikasi nahi duenak bazterketa jasaten duela erakutsi baitu, eta gazteleraz ikasi nahi duenak, aldiz, eskubide guztiak bermatuak dituela. 

Izan ere, Mendigorrian D ereduaren aldeko eskaria ez da berria. Gurasoek hainbat saiakera egin dituzte, baina beti erantzun bera izan da: euskaraz ikasteko, Garesera bidali behar zituzten seme-alabak. 

2019ko abenduan, baina, Hezkuntza Departamentura jo zuten gurasoek D ereduaren aldeko eskariarekin; Mendigorria eremu mistoko udalerria bilakatua zen ordurako. Ezagun dira geroztik katean etorritako oztopo eta aitzakiak: Eskola Mapa, gutxiengo ikasleen ratioa, gurasoen eskarietan akatsak... Banan-banan irauli genituen guztiak. Bide horretan, ordea, nabarmentzekoa da Hezkuntza Departamentutik jaso genuen honako erantzuna: berez Mendigorriko ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea bermatua zutela, Garesko D eredua aukeran zutelako, eta ez zelako inon zehazten eskubide hori herrian bertan egikaritu behar zenik. Giltzarria da erantzuna, euskararentzat gertutasun printzipioak ez duela baliorik erakusten baitu, nonbait. Beste hitzetan esanda: zergatik gaztelaniazko hezkuntza hautatzen duen haurrak herrian bertan ikasteko aukera du, eta euskarazkoaren alde egiten duenak egunero autobusa hartu eta beste herri batera joan behar du? Horrek ez al du ikasleen arteko berdintasuna urratzen? Herri bereko haurren eskubideak mailakatzen? 

Mendigorrian lortu dugu datorren ikasturtean D ereduan matrikulatzeko aukera izatea, bai, baina desberdinkeria hori ez da desagertu. Euskaraz ikasi nahi duten ikasleen bazterketa betikotzeak kezkatzen gaitu. Izan ere, norbere herriko ikastetxean D eredua irekitzeko eskaria egiten duten gurasoek zenbat urte itxaron beharko dute gauzatu dadin? Hezkuntza Mapa aldatu arte? Nork eta zein irizpideren arabera? Eta noiz arte onartu behar dugu ikasleen hizkuntza eskubideen urraketa? Ikasleen arteko desberdinkeria? Zenbat Mendigorria beharko ditugu? 

Ezin dugu aldaketa horien zain egon. Nafarroako Gobernuak gaurdanik bermatu beharko lituzke gertutasun printzipioa eta zentro guztietan euskaraz ikasteko eskubidea. Haur eskoletatik hasi, eta lanbide heziketa zein unibertsitateraino. Euskarazko irakaskuntzaren alde egitea irakaskuntza justuaren eta ekitatezkoaren alde egitea delako, eta Nafarroako herri eta hirietako haurrak berdintasunean hazteko ezinbestekoa delako. Euskaraz bizi ahal izateko eskubidea denona delako.  

 

BERRIA.EUSen argitaratutako iritzi artikulua: 

https://www.berria.eus/paperekoa/2008/005/002/2021-02-06/zenbat-mendigorria-gehiago.htm